Ikaztegietako San Lorentzo jaietan bigarren eguna dute gaur: Kuadrillen Eguna. Eguerdian, Frontoi Txikiko Pilota Txapelketa jokatu dute, eta beranduago, eliza atarian bazkaldu dute herritar gehienek, kuadrilla giroan. 200 lagun inguru elkartu dira, eta kuadrilla bakoitzak bere bazkaria eraman du.
Sabela bete ondoren, herriko gaztetxoek proposatuta, bi lehiaketa izan dituzte aukeran herritarrek: Mihiluze edo mus txapelketa. Batzuek buruari eragitearen alde egin dute; beste batzuek, berriz, karta-jokoan aritzearen alde. Eta zenbaitek mahaiaren bueltan eserita jarraitu dute, lagunekin hizketan.
Ondoezik elektrotxarangak girotu du arratsaldea, eta 21:00etatik aurrera zahagi ardoa eta sardina jatea egingo dituzte. 23:00etan, berriz, DJ Naza alegiarraren txanda izango da.
Bihar, umeen eguna ospatuko dute ikaztegietarrek; gauean, berriz, herri afaria egingo dute. Hau da biharko prestatuta duten egitaraua:
- 12:00. Uretako altxorraren bila 6 urtetik aurrekoentzat, eta tailerra 3-5 urte artekoentzat.
- 13:30. Umeen bazkaria.
- 15:00-18:00. Uretako puzgarriak.
- Ondoren. Merienda.
- 18:30. Zuhaitz Gurrutxagaren Nortasun agiria.
- 21:00. Herri afaria.
- 23:30. Ahantzi erromeria.