Ikaztegietako jaiak 2026

Festetan lurra esnatzera gonbidatu dituzte ikaztegietarrak

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko abuztuaren 7a

Arratsaldean hasi dira Ikaztegietako San Lorentzo jaiak. Santa Ageda bezperan kantari ateratzen den lagun taldeak 25 urte egin ditu aurten, eta omenaldia egin die jai batzordeak, agurra dantzatuta; ondoren, haiek piztu dituzte jaiei hasiera eman dieten suziriak.

Aurten 25 urte bete ditu Ikaztegietan Santa Ageda bezperan kantuan ateratzen den taldeak. Urteurren berezia dela eta, jai batzordeak San Lorentzo jaiei hasiera emateko ardura eman zion taldeari. Gaur arratsaldean izan da txupinazoa, baina jaien hasiera iragarriko zuten suziriei su ematerako, festa giroa nabari zen herrian, gaurko protagonistak kalejiran sartu baitira festa gunera, eta handik oholtzara igo dira.

Dozena bat laguneko taldea da Santa Ageda bezperan kantuan ateratzen dena, eta gaur ere kantuan aritu dira. Bi kantu zituzten prestatuta gaurko. Lehenik, ordea, aitortza egin diete zenbait herritarrek, agurra dantzatuta. Ondoren, bai, kantuan hasi dira. Batetik, Jon Luzuriaga herriko bertsolariak taldearentzat gaurko egindako lau bertso kantatu dituzte, Santa Ageda doinuan:

Ohitura zaharrak Ikaztegietan
manten zitezen eskariz
lagun talde hau Santa Ageda
bezperak zekarren argiz
duela mende laurden bat edo
kantatzeko gogo handiz
etxerik etxe, aterik ate
atera ginen lehen aldiz.

Orduan ere jator, sasoiko
eta gazteak ginen gu.
Nahiz eta ahotsak aldatu diren,
ile urdinak gailendu,
oinetakoak urratu eta
makilak zartadaz zendu
lehen aldiko ilusioak
bere hortan jarraitzen du.

Zuen etxeko epela eta
poztasunaren ehiztari
pandero eta soinuarekin
ibiltzen gera kantari
modu berriak, letra berriak
erantsiz doinu zaharrari
makilen hotsa da bidelagun
lagunartea gidari.

Txupinazoan gure modura
sartu nahi genuen muturra
soinu, pandero, makil ta ahots
hementxe gure agurra
baldin guztiok jartzen badegu
gure poztasun apurra
festetan ere denok batera
esnatuko degu lurra.

Bestetik, Edurne Ibarbia taldekideak egindako koplak abestu dituzte, Santa eskeko koplak doinuan:

Kaixo atsaldeon, ongi etorri
haur senide eta lagun,
herriko festak hasi ditugu
kantuan egin dezagun.

Santa Ageda eta Lorentzo
zer nolako bi martiri,
aitzaki gutxi behar degu guk
hasteko alai kantari.

Sardin, sagardo, txakolin
eztarria bustitzeko,
hankak arinak, besoak altxa
dantza pixkat egiteko.

Kaixo atsaldeon, ongi etorri...

Musean enbido eta
gero tokan txapa hotsa,
pilota joku eta jolasak,
kirola ta nahiko saltsa.

Erasorik ez, berdintasunez,
errespetuz eta noble,
askatasuna, aniztasuna
izan daitezen garaile.

Kaixo atsaldeon, ongi etorri...

Hogeitabost urte luze
lurrari deika urtero.
Aurtengo uzta jasota gaude
festarako bero bero.

Gure ohitura zarra da
lanen ondorengo festa,
makilak utzi alde batera
eta festak ondo pasa!

Arratsaldeko ekitaldiak amaitzeko, patata tortilla lehiaketa egin dute. 22 parte hartzailek eman dute izena; bikotean nahiz taldean aritu dira tortillak egiten. 19:00etan puntuan hasi dira kozinatzen, bakoitza bere modura, eta 20:30erako aurkeztu behar dizkiote tortillak epaimahaiari. Hiru tortilla onenek eskualdeko produktuekin osatutako sariak irabaziko dituzte:

  1. saria: Mahala baserriko produktuen sorta.
  2. saria: Balerdipeko Erleakeko produktu sorta.
  3. saria: Larreta esnekien sorta.

Gauean jarraipena izango du lehen eguneko festa giroak, bi kontzerturekin. Lehenik, Olgetan erromeria taldea ariko da, 23:00etan hasita, eta ondoren, DJ Little Martin.

Erakusketa, udaletxean

Jai batzordeak gogorarazi du udaletxean erakusketa bat dagoela ikusgai. Hain zuzen ere, Santa Ageda taldekoen 25 urteko ibilbidea errepasatzen duen argazki erakusketa da. Festek iraun bitartean bisitatzeko aukera izango da.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!