Ikaztegietako jaiak 2026

Ikaztegietako San Lorentzo jaietarako zenbait oharren berri eman du udalak

Martxan jarriko dute eraso matxisten aurkako protokoloa, eta herritarren zer pauso jarraitu behar dituzten azaldu dute; herri afarirako eta umeen bazkarirako txartelak ostatuan daude, eta horiek garaiz hartzea eskatu dute.

Ikaztegietan ate joka dituzte San Lorentzo jaiak. Abuztuaren 7an hasiko dira, eta festen atarian zenbait ohar helarazi dizkie udalak herritarrei, «antolaketa txukun baterako garaiz ibiltzea beharrezkoa delako».

Eraso matxisten aurkako protokoloa

Aurten ere martxan jarriko dute eraso matxisten aurkako protokoloa. Eraso matxistarik ikusi edo pairatzen duten herritarrei zenbait pauso jarraitzea eskatu die udalak. Lehenik eta behin, inguruan duen pertsona bati laguntza eskatu eta ondorengo bideetako bat jarraitu: besoko morea duen pertsona batengana zuzendu, 615 720 617 telefono zenbakira deitu edo txosnara/tabernara joan eta bertan laguntza eskatu. Inguruan inor ez balego, ondorengo pausoak jarraitzea eskatu die herritarrei: norbere burua arriskuan ikusiz gero, behar beste oihukatzea, tinbreren bat jotzea edo jendea dagoen lekura ahalik eta lasterren joatea. Bestela, aurrez aipatutako pausoak jarraitzea eskatu die.  

Hortik aurrera, Eraso Matxisten Aurkako taldeak zehaztuta ditu jarraitu beharreko pausoak. Ondorioz, haien kabuz erabakirik ez hartzea eskatu die herritarrei. Dena den, nahi izatekotan, autodefentsa feminista erabiltzeko gonbita luzatu die. Bestalde, norbaitek etxera joateko laguntza behar izanez gero, besoko morea dutenek lagunduko die.

Eraso matxisten kontrako lan taldea egonkortzen ari da udala, eta bertako partaide izan nahi duten herritarrek bi aukera dituzte. Batetik, abuztuaren 5ean 18:30ean udaletxeko areto nagusian egingo duten bilerara azaltzea; bestetik, 615 720 617 zenbakira deitu edo WhatsApp mezua idaztea. «Aurten ere guztion elkarlan eta konpromisoarekin aurre egingo diogu indarkeria matxistari. Gozatu ditzagun festak askatasunez eta berdintasunez», adierazi du udalak.

Herri afaria eta umeen bazkaria

Abuztuaren 9an, igandea, umeen bazkaria eta herri afaria egingo dituzte. Herri afarirako txartelak ostatuan daude salgai, 28 euroren truke. Abuztuaren 1a izango da txartelak erosteko azken eguna, eta epez kanpo erositako txartelek 5 euroko kostu gehigarria izango dute. Epea errespetatzea eskatu dute, antolatzerako orduan garaiz ibiltzeko. Horrez gain, menuko jakiren batekin arazoren bat duenak txartelak erostean jakinarazteko eskatu dute, jaki bereziak eskatzeko denbora izateko. 

Ondorengoa izango da menua:

  • Zainzuriak eta patea
  • Etxeko frijituak
  • Langostinoak baratxuriekin
  • Bakailaoa piperrekin
  • Oilasko izterra baratxuriekin
  • Sorbetea edo goxua
  • Sagardoa, ardoa, kafea eta kopa

Umeen bazkarirako bi aukera izango dira, adinaren arabera. Batetik, 12 urte artekoek arroza oilaskoarekin eta izozkia izango dituzte. Doakoa izango da, baina beharrezkoa da txartelak aurrez hartzea; ostatuan eskatu daitezke. Txartelik hartzen ez duen haurrari ez diote bazkaririk emango. Bestetik, 12 urte baino gehiago dituzten haurrentzat mahaiak jarriko dituzte, baina norberak bere bazkaria eraman beharko du. Edaria ere antolatzaileek jarriko dute.

Bestelako oharrak

Kontuan izateko ohar gehiagoren berri eman du udalak:

  • Egiten diren bazkari eta afarietan erabilitako guztia txukun utzi, eta mahaiak eta aulkiak jasotzea.
  • Ahalik eta plastiko gutxien sortzeko, behin bakarrik erabiltzea, eta erabili ondoren botatzeko diren edalontzi, plater eta mahai-tresnak ez erabiltzea; edalontziak berrerabiltzea.
  • Umeen egunean gurasoak izango dira euren seme-alaben arduradun.
  • Patata tortilla lehiaketan, tortillak 20:30erako aurkeztu beharko dira.
    • Osagaiak: patata, arrautza, gatza eta olioa (tipula aukeran).
    • Neurria: ohiko plateren neurria izan behar du gutxienez.
    • Ohar garrantzitsua: Parte hartzeko, beharrezkoa izango da aurretik izena ematea.
  • Kuadrillen eguneko paellak prestatzeko egurrezko mahaiak jarriko dira, eta eremu horretara mugatu behar da prestaketa.
    • Otorduetarako plastikozko mahaiak jartzen diren tokian ezingo da kozinatu.
    • Nahi izanez gero, eguzkitakoak eraman.
  • Hondakinen bilketa-ordutegia berdin mantenduko da.
    • Kaleko zaborrontzien bilketa indartuko da festetan.
  • Abuztuaren 10ean, 16:00etan, plazan elkartzea, garbiketa lanak egiteko.
  • Lepoko zapiak eta balkoikoak pilota txapelketako finalerdietan jarriko dira salgai: abuztuaren 6an, 19:00etatik aurrera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!