Zabalik da herri langileak kontratatzeko prozesuan izena emateko epea

Ataria 2026ko maiatzaren 6a

Ikaztegietako Udalak bi herri langile kontratatuko ditu oposizio lehiaketa bitartez. Izena emateko epea joan den astelehenean —hilaren 4an— zabaldu zen, eta maiatzaren 29a izango da horretarako azken eguna.

Ikaztegietako Udalak bi herri langile kontratatzeko prozesua zabaldu du, eta dagoeneko eman daiteke izena haren web orrialdean. Kontratazioa oposizio lehiaketa bitartez egingo dute, eta oinarriak ikusgai daude udalaren web orrialdean. 

Lehenik, deialdia argitaratu zuten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta izena emateko epea Espainiakoan argitaratzearekin batera zabaldu zen, joan den astelehenean —hilaren 4an—. Hortik hasita 20 egun balioduneko epea izango dute interesa dutenek izena emateko; zehazki, maiatzaren 29a izango da horretarako azken eguna. Prozesuaren barruan bi azterketa egingo dituzte: teorikoa eta praktikoa; eta egun propioa izango du bakoitzak. 

Euskara, irizpide
Hizkuntza irizpideei dagokienez, euskararen ezagutza egiaztatzen duen bigarren hizkuntza eskakizuna edo baliokidea izan beharko dute izena ematen dutenek; eta egiaztagirik ez dutenek, euskararen gaitasun maila ziurtatzeko azterketa ere egin beharko dute. Azterketaren gaitegia deialdiaren oinarrietan kontsultatu daiteke, eta hori ere ikusgai dago Ikaztegietako Udalaren web orrialdean.

Martxoaren 31n egindako udalbatzan aho batez onartu zituzten zerbitzu anitzetako langileen bi plazen oposiziorako oinarriak. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean apirilaren 23an atera zen argitara, eta astelehenetik dago zabalik izena emateko aukera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!