Atizabalik ipuina Ikaztegietan idatzi du Peru Calabaza Saban (Iruñea, 1973) idazleak Udalbiltzako Geuretik Sortuak sormen bekaren bitartez. Guztira, 21 egun igaro ditu herrian sortzaileak, eta beste hamar kontakizunekin batera Hamaika irakurtzeko jaioak liburuan topa liteke idatzi duen ipuina. Ostiralean aurkeztuko du lana, 18:00etan, Ikaztegietako udaletxeko erabilera anitzeko aretoan; eta, aurretik, istorioaren eta sortzeko prozesuaren nondik norakoak azaldu ditu.
Nola deskribatuko zenuke ipuina?
Ipuinak kontatzen duen istorioa da pertsona komunitate berri bat iristen dela bizitzera Ikaztegietara. Bizkaia ingurutik datoz bizilagun horiek; eta oso ezberdinak dira haien ohiturak, eta bizitzeko zein gauzak egiteko moduak. Horrek askotariko erantzunak sortzen ditu herritarrengan: harridura, kezka, galderak... Eta gatazkak ere sortzen dira. Hori litzateke aurkezpena.
Nolakoa izan da sortzeko prozesua?
Larrabetzun (Bizkaia) bizi naiz, eta Ikaztegietara joatea suertatu zitzaidan. Hiru zatitan egin nuen 21 eguneko egonaldia, eta aukera izan nuen idazteko eta sortzeko; eta, aldi berean, herria eta bertako jendea ezagutzeko. Egonaldiak aukera ematen dizu leku batera iristeko eta giroa zureganatzeko, baina ez azaletik, turista bezala edo, baizik eta jendea ezagutuz, herriak nola funtzionatzen duen ulertuz eta...
Oso eskertuta nago Udalbiltzari, horrelako ekimena antolatzeagatik, eta baita Ikaztegietako alkateari zein herrian ezagutu ditudan beste pertsona batzuei ere, herrian oso ondo hartu nautelako.
Ikaztegietan idazteak zer eman dio istorioari?
Mami guztia, esango nuke. Beste herri batean egon izan banintz, beste istorio bat idatziko nukeen. Zure istorioa eraman dezakezu buruan, baina han zauden bitartean kontrastatzen joaten zara bertako jendearekin, giroarekin... Ez dago Ikaztegietako inor ipuin honetan, baina, aldi berean, guztiak daude bertan.
Zailtasunik topatu duzu?
Sortzeko prozesu batek beti jartzen zaitu muga batean. Zerbait interesgarria sortu nahi baduzu, ez da nahikoa kontakizun huts bat pentsatzearekin. Bi ezaugarri izan dira garrantzitsuak: batetik, hari narratiboa nola osatu edo istorioa nola eraiki erabakitzea. Aukeratu nuen herrira etortzen zen komunitate horretan hainbeste arreta jarri beharrean, herritarren ikuspuntuetatik kontatzea. Eta, horrela, narratzaile bat egon beharrean, 32 ahots ezberdinen —denak asmatutakoak— artean kontatzen da istorio hori. Hori erabaki nuenean, zati bakoitza eraikitzen joatea izan zen kontua.
Horrez gain, tonu egokia topatzea ere garrantzitsua izan da niretzat. Adibidez, ipuineko lehen esaldia oso garrantzitsua da niretzat; horrek erakusten baitizu nolakoa izango den ipuina. Erabaki nuen lehenengo esaldia zein izango zen, eta horrek lasai idazteko aukera eman zidan. Lehen esaldia da: «Hau ez da rock banda baten istorioa, baina izan zitekeen». Esandakoa lortzen duela esango nuke.
Lekukotzen bitartez kontatzen duzu istorioa. Zer dela eta?
Hain zuzen, kasu honetan ez zitzaidalako interesatzen herrira bizitzera joandako komunitate horren istorioa, baizik eta haiek iristeak herrian sortzen duen erreakzioa. Eredu alternatibo baten aurrean izan ditzakegun erresistentziak edo kontraesanak azaleratu nahi nituen. Komunitate barruan gertatzen zirenak kontatzea beste ipuin bat izango litzateke. Niri herriari buruzkoak interesatzen zitzaizkidan.
Ipuinak baditu bertako hizkeran idatzitako pasarte batzuk ere.
Egonaldi hauetan sortzaileak herri batetik beste batera joaten garenez lan egitera, beti sortuko da halako zerbait. Nafar bat Larrabetzura etortzen bada, igarriko du jendeak ezberdin hitz egiten duela. Herri bakoitzeko hizkera oso aberatsa da, eta niri oso interesgarria iruditzen zait ipuinaren zatiren batean agertzea ahozkotasunaren lagin edo isla bat.
Batua ondo dago eta beharrezkoa da, baina ahozkotasunaren eta tokiko hizkeraren aberastasun hori sekulakoa da, eta nolabait gordetzea, beharrezkoa. Gainera, 32 ahots ezberdin bildu ditudanez, bakoitzak hitz egiten du modu diferente batean; 32 karakterizazio ezberdin daude. Batzuk hitz egiten dute ikaztegietarrez, beste batzuk batuaz, eta beste formaren bat ere topa daiteke.
Publiko zehatzik izan duzu gogoan?
Edonork irakurtzeko ipuin bat da. Bereziki irakurgarria dela iruditzen zait irakurtzeko ohiturarik ez duen jendearentzat ere. Zati edo paragrafo laburretan egituratuta dago, istorioa pixkanaka agertzen da... Jakin-min hori pizten du. Probokazio batzuk ere badaude, eta irakurri dutenen artean batzuei asko gustatu zaie, eta beste batzuk esan didate deseroso sentitu direla.
Niretzat garrantzitsua da hori ere: kulturak ez du izan behar entretenimendu hutsa. Mugiarazi behar zaitu, kitzikatu, zirikatu... Deseroso sentiarazten badu norbait, horretaz ere pozten naiz.
Aldarrikapen ukitu batzuk ere baditu.
Kontatzen da fabula politiko bat bezala. Iruditzen zait kontakizun politiko berriak falta ditugula. Politikoki edo sozialki aurrera egiteko traba handiak daude momentu honetan. Mundua sutan dago eta guk jarraitzen dugu ezer gertatuko ez balitz bezala. Ematen du zaila dela gauden lekutik mugitzea.
Bada, ipuin honek nahi du —bere txikitasunetik— eragin edo etorkizunei buruz hitz egin: hobeak egon daitezkeela; horien aurrean nolako erresistentziak izan ditzakegun; mugiezinak diruditen gure bizimoduetako kontu batzuk, benetan, ez direla horrela...
Zergatik dira beharrezkoak Geuretik Sortuak eta halako sormen egonaldiak?
Sortzaileen egoera oso prekarioa da. Ematen du kultur arloko jendea beti negarrez ari dela, baina benetan da prekarioa. Egia da. Sortzailea zarenean jendeak askotan galdetzen dizu: «Eta gero zer egiten duzu bizimodua ateratzeko?». Ematen du gauza ezberdinak direla. Sorkuntza beharrezkoa da gizarte batentzat, ez da luxua bakarrik; beharrizan bat baizik. Sorkuntzara bakarrik edo ehuneko ehunean dedikatu ezin gaitezkeen jendearentzat horrelako deialdiak sekulako aukera dira sorkuntzan murgiltzeko.
Pentsa, honi esker hamaika ipuin sortu dira... Eta baita komikiak, antzerki obrak, eta filmak ere. Bertan sortutakoa gero jendeari erakusten zaio, eta horrek sekulako aberastasuna sortzen du. Niri sekulakoa iruditzen zait, bai sortzaile, eta bai kultur kontsumitzaile bezala. Aberasgarria iruditzen zait oso.