Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera ezbaian

Ataria 2026ko martxoaren 12a

Ikaztegietan Eguberrietako kantu eskearen artxibo irudia.

Martxoaren 24an bilera irekia egingo dute abenduaren 24ko Olentzeroren eta Mari Domingiren etorreraren inguruan hausnartzeko. Hitzordua udaletxeko batzar aretoan izango da, 17:00etan.

Badira urte batzuk Olentzero eta Mari Domingi Ikaztegietara joaten direla abenduaren 24an. Egun ederra izaten da herriko txikienentzat, baina antolaketa lan handia eskatzen du: Olentzerori eta Mari Domingiri harrera egitea, lanean dabiltzan boluntario guztiak koordinatzea, gaztainak prestatzea, plaza apaintzea, oholtza muntatzea, zuziak eramatea…

Antolatzaileen arabera urteak dira antolaketa lanak familia «gutxi batzuek» egiten dituztela, eta «erreleboa emateko garaia» iritsi dela ebatzi dute: «Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera mantendu nahi bada, lanerako boluntarioak behar dira. Boluntariorik ez badago, berriz, bertan behera geratuko da».

Bada, hain zuzen, gaiaren inguruan hitz egiteko bilera bat egingo dute martxoaren 24an, 17:00etan, udaletxeko batzar aretoan. Abenduaren 24aren inguruan hausnartu, eta jarraipena emateko egon litezkeen aukerak aztertuko dituzte. Bertan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta «bereziki» eskolaren inguruko komunitatea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!