Botikak hobeto erabiltzeko programa izango du Ikaztegietak ere

Ataria 2026ko martxoaren 12a

Ikaztegietako Udalak hitzarmena sinatu du Gipuzkoako Farmazialarien Elkartearekin, sendagaiak ondo erabiltzeko arazoak izan ditzaketen herritarrei laguntza ematea helburu.

Akordioa sinatu dute Ikaztegietako Udalak eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteak. Aurrerantzean, Ikaztegietak ere parte hartuko du Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren eta Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileen artean medikamentuen erabilera hobetzeko programan.

Programaren helburu nagusia da botikak errazago eskuratzea eta tratamendua behar bezala betetzen dela bermatzea, medikazioaren erabilera eta atxikidura hobetuz. Horretarako, herri bakoitzeko farmaziek etxez etxeko laguntzailearekin edo zaintzaile nagusiarekin elkarlanean jarduten dute sendagaiak eskuratzeko, kontserbatzeko eta emateko zerikusia duten alderdi guztietan. Ikaztegietan, zehazki, etxez etxeko laguntza-zerbitzuek eta gizarte zerbitzuek artatutako pertsonen medikamentuen erabilera optimizatzea da helburua.

Programaren gakoak

Pazienteak hartu behar dituen medikamentuak pertsonalizatuta jasoko lituzke farmazian. Hain zuzen, hori lortzeko, pazientea farmaziara astero edo bi astez behin joaten denean, epe zehatz horri dagozkion medikamentuak blister pertsonalizatu batean jasoko ditu.

Zerbitzu jasotzeko hitzordua hartu behar da Ikaztegietako gizarte langilearekin, eta horrela eskaera orria eskuratu. Eta, eskaera orria bete ondoren, zerbitzua jaso nahi den farmaziara eraman behar da kopia bat. Zerbitzua edozein farmaziatan jaso daiteke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!