Herritarrak kexu, trenaren klaxonaren zaratagatik

Ataria 2026ko martxoaren 12a

Trena geldirik Ikaztegietako geltokian. A. IMAZ

Ikaztegieta herria erditik zeharkatzen du trenbideak, eta bi trenbide pasabide dituzte. Trenek klaxona jotzeko protokoloa dute gerturatu ahala, eta zaratak ezinegona sortzen du herritarrengan.

Erdi-erditik zeharkatzen du Ikaztegieta trenbideak. Aldiriko trenak, merkantzia trenak eta distantzia luzekoak. Trenbidea ez ezik, bi trenbide pasabide ere badituzte herrian, eta trenek klaxona jotzeko protokoloa dute gerturatzen ari direla iragartzeko. Haien zaratak, ordea, ezinegona sortzen du herritarrengan.

«Egia esan herritarrek historikoki udalari egin dioten eskakizunetako bat da», horrela hitz egin du Alba Garmendia Ikaztegietako alkateak egoeraren inguruan. Eta ildo beretik gehitu du, kexak jasotzen dituztela, eta jakitun direla eskaera berak egi izan direla aurreko legealdian eta aurreko korporazioari ere. 

Kexa orokorra

Herriko alkateak azaldu du kexa nagusia dela trenak pasatzerakoan «zarata handia» ateratzen duela: «Klaxona jotzeko protokoloa daukate oinezkoen trenbide pasabideetan; eta Ikaztegietan bi dauzkagu. Bata herrigunean bertan, eta aurreraxeago beste bat Tolosarekin muga egiten duen eremuan». 

Hari berari tiraka zehaztu du Garmendiak zarata aipatzean ez direla ari trenak pasatzerakoan sortzen duen soinuaz: «Herritarren kexa da bolumen handiegia eta zarata handia ateratzen duela trenaren klaxon horrek. Gainera, behin baino gehiagotan jotzen du tren bakoitzak». 

Ardura udalaz harago

Ikaztegietako Udaleko ordezkariak azaldu du trenbidearen kudeaketa ez dagokiola udalari, Renferi baizik: «Egoeraren jakitun gara, baina herritarrei ematen diegun erantzuna ere horixe da. Azken batean, Renfek kudeatzen baitu trenbidea».

Zentzu horretan, herritarrak euren kabuz erreklamazioak «dagokien bideetatik» jartzera animatu ditu: «Udaletik bide horiek zein diren ezagutarazi diegu herritarrei, eta kexak baldin badituzte, horien bitartez jakinaraztera ere gonbidatzen ditugu. Udalak, bere esku ez du ekiteko beste modurik».

Hain zuzen, hiru modutan aurkeztu ditzakete kexa horiek herritarrek. Batetik, Renferen web orrialdeko erreklamazioen atalean kexa erregistratuta; bestetik, Renfeko geltokietan erreklamazio orria eskatu eta bertan kexa adierazita; eta, azkenik, Ikaztegietako udaletxean bertan kexa formalki erregistratuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!