Hilabete inguru darama Ikaztegietako Udalean Ane Zubiria (Ibarra, 2000) Kalexka enpresako gizarte hezitzaileak. Izatez, Gizarte Langintza ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta karreran hezkuntzarako zein langintzarako trebatzen dituztela nabarmendu du. Ikaztegietan «harrera ona» egin diotela aipatu du.
Zein dira gizarte hezitzaile baten egitekoak?
Ikaztegietan gizarte hezitzaileak ematen duen zerbitzua da hainbat esparrutan laguntzea edo esku hartzea, horien artean, hezkuntzan, gizartean eta arlo psikosozialean. Lantzeko kasuak gizarte langilearen bitartez iristen dira, eta hezitzailea da zuzenean pertsonekin esku hartzea egiten duena.
Egunerokoan, hortaz, pertsona horiekin hitzorduak jartzen ditugu, eta beharrei erantzuten ahalegintzen gara. Esku hartze zuzena egiteaz gain, komunitatean ere egiten da, hain zuzen, herriko eragileekin, herritarrekin... Ikuspegi zabal batekin jarduten dugu egon daitezkeen beharrak identifikatzeko eta jendearekin harremanak garatzeko.
Eta, jendaurreko lanaz gain, barne kudeaketa ere egiten dugu, noski: hitzorduak prestatzea eta antolatzea, eragileekin koordinatzea...
Nola irudikatu behar dugu egunerokoa?
Askotariko egitekoak izaten dira. Batetik, bazterkeria egoeran dauden pertsonekin aritzen gara. Ikaztegietan etorkinak daude oraintxe bertan, eta haien beharretako batzuk dira erregularizazio prozesuak aurrera eramatea. Eta horretan laguntzen diegu: hitzorduak hartzen kontsulatuan, ordainketekin laguntzen, abokatuekin hitz egiten... Horrekin batera formakuntzak izaten dituzte, eta horiek kudeatzen ditugu heziketa zentroekin. Horrez gain, oinarrizko beharrizanak asetzen ere saiatzen gara, adibidez, elikagai bankuekin harremanetan jarrita.
Bestalde, esku hartze familiarretan, lehenik, egoera aztertzen da. Batetik, familiarekin denbora pasatzen dugu; eta, gero, banaka elkartzen gara senide bakoitzarekin. Horrela, egoera orokorraz gain, bakoitzaren beharrak ere identifikatzen ditugu. Horrez gain, eskolarekin eta gaztelekuarekin ere koordinatuta egiten dugu lan. Horrela gazteekin ere harremana egin eta beharrak identifikatzeko beste aukera bat ere zabaltzen da. Finean, jendearekin denbora pasatzea da, eta beharrak identifikatu ahala asetzen saiatzea.
Kontatzeko moduko kasurik izan duzue?
Epak izena zuen enpresaren eraikina zegoen herriaren sarreran, eta eraitsi egin behar zuten. Bertan, ordea, jendea bizi zen bazterkeria egoeran —bost bat pertsona—. Hori kudeatzeko, udalak aldundiarekin elkarlanean martxan jarri zuen tutoretzapeko etxebizitzen aukera. Herriko ostatuaren gainean etxebizitza batzuk daude, eta bertan sartzea proposatu zitzaien baldintza batekin, hain zuzen, esku hartze prozesua onartzea. Prozesu horretan hartu dut parte nik, gizarte langilearekin batera.
Guztiak pisu horietan daude orain, eta esku hartze prozesua ari gara egiten haiekin; bizileku egonkor hori izanda, gizarte erroldatzea egin zitzaien, eta horrela sarbidea dute esparru edo zerbitzu gehiagotara. Horrez gain, beste kasu batzuk ere badaude, beste profil zein egoera batean, baina bazterkerian edo horretarako arriskuan.
Beharrezkoa al da zerbitzu hori Ikaztegietan?
Zerbitzu hau pixkanaka ari dira martxan jartzen herri txikietan. Nabarmendu nahiko nuke beharrezkoa dela, gure egitekoa egoerak kudeatzetik harago, badelako halakoak prebenitzeko lan egitea ere.
Herri txikietan askotan pentsatzen da ez dela beharrezkoa, eta moldatzen direla edo nahiko dutela dituzten baliabideekin. Baina zerbitzu hau txertatzen ari diren herrietan ikusten ari dira oso aberasgarria dela, eta behar dela. Orduan, herri txikiak animatu nahiko nituzke zerbitzua garatzera eta elkarlanean aritzera.
Harritu al zaitu zerbaitek?
Ikaztegieta oso herri berezia iruditu zait: ohituta daude euren artean laguntza eskaintzera, eta baliabide dezente ditu duen tamainarako —horietako zenbait eragileen eta herritarren artean sortuta—. Oso herri dinamikoa da, eta jendearengana jo dezakezu edozein konturekin. Gainera, zerbitzu hau eta hezitzailea bera ere oso onartuta daude.
Beste hezitzaileak esaten zuen hasieran arrotz samarra zela; azkenean, kanpoko pertsona bat herrian sartzea-eta... Arraroa zela hasieran. Baina ni hasi naizenerako ohitu dira, eta denek dakite nor naizen. Aurretik aritu den hezitzailea agurtzeko ekitaldi moduko bat antolatu zuten; eta aldi berean egin zidaten niri ongietorria ere. Urte eta erdi inguru darama zerbitzuak martxan.
Beraz, ondo hartu zaituzte.
Bai, bai. Oso adi daude, eragile guztiekin ari naiz pixkanaka hitzorduak egiten eta haiek ere esaten didate edozein gauza behar izanez gero prest daudela laguntzeko. Eta neronek ekarpena egin ahal izateko baliabideak ere eman dizkidate.
Ez da lehen esperientzia, ezta?
Aurretik Caritas erakundean aritu naiz, hainbat proiektutan. Batez ere bazterkeria lantzen duen arloan aritu naiz: lau urte egin ditut bertan. Kaleko pertsonekin aritu naiz, eta baita zentro batean ere, bazterkeria egoeran dauden helduekin.
Nondik datorkizu arlo honetan lan egiteko interesa?
Nahiko argi izan dut beti. Bi aukera orokor ikusten nituen: lan egitea tresnekin edo pertsonekin; eta oso argi nuen pertsonekin egin nahi nuela lan. Familian ere oso gertu izan dut beti gizarte arloko lana, eta, beraz, ezaguna izan da ia betidanik. Ez nuen zalantza handirik izan erabakia hartzeko garaian. Gizarte langintza ikasi nuen, izatez, baina karrerak barnebiltzen ditu heziketa zein langintza arloa. Bietan trebatu naiz, eta oraintxe hezitzaile moduan ari naiz.