Ostiralean Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektu bat aurkeztuko du Ikaztegietan herria zeharkatzen duten autoen abiadura murrizteko. Saioa udaletxeko erabilera anitzeko aretoan izango da, eta 18:00etan hasiko dute. Herriko udaletik bertaratzera gonbidatu dituzte herritarrak.
Ikaztegietako Udaletik nabarmendu dute «hainbat urtez» eskatu dutela errepide nagusiaren zati bat oinezkoentzat egokitzeko eta zenbait zebrabide goratzeko: «Ibilgailuen abiadurak oinezkoen segurtasuna zalantzan jartzen du askotan, bereziki, herria bitan banatzen duen errepide nagusian».
Hori horrela, eta gogoan izanda ibilgailuei ezin zaiela biderik itxi, horien abiadura murrizteko eta oinezkoei lehentasuna emateko zebrabideak goratzea —berriki kiroldegiaren inguruan egin bezala— eta errepidearen zati bat oinezkoentzat egokitzea proposatu izan du udalak: «Dirudienez, proposamena aurrera egiten ari da, eta ostiraleko aurkezpena momentu aproposa izango da proiektuari ekarpenak egiteko eta herritarren beharrak agerian jartzeko».
Aurkezpenean parte hartuko dute aldundiko Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamentuko Felix Urkola diputatuak eta Mikel Uribetxebarria Plangintza eta Ustiaketa zuzendariak, eta herritarrak ere bertaratzera gonbidatu ditu udalak: «Momentu aproposa izango da proiektuari ekarpenak egiteko eta herritarren beharrak agerian jartzeko. Etortzera gonbidatzen zaituztegu herriari aldaketa esanguratsua egin diezaiokeen proiektua ezagutzera eta, izango bazenituzte, zuen ekarpenak egitera».