elkarrizketa

«Oso giro ona egon da beti gure artean»

Aitor Arroyo Askarai 2026ko urtarrilaren 29a

Duela 25 urte berreskuratu zuten Santa Ageda bezperako kantu eskea Ikaztegietan. Galeriako lehen argazkian, ezkerretik eskuinera, Agirre, Etxeberria eta Iurramendi; ondorengo irudietan zenbait taldekide, hurrenez hurren, 2001ean, 2007an, 2018an, eta 2023an.

Aurten mende laurdena bete dute Ikaztegietan Santa Ageda bezperako kantu eskea berreskuratu zutenetik. Lurdes Agirre, Jaione Iurramendi eta Joxepi Etxeberria kideek hizpide izan dute nola hasi ziren, eta zein bilakaera izan duen ekimenak.

Nola sortu zen ideia?

Etxeberria: Lantokian elkartzen hasi ginen matraka batzuk. Ohitura zaharrak berreskuratzearen inguruan hizketan hasi ginen eta horrelaxe izan zen. Ez genuen askoz gehiago behar izan. 

Larrea: Nire ahizpa Jone ere saltsa guztietan izaten den horietakoa da, eta bera ere aritu zen. 

Etxeberria: Zalantzarik gabe, bera izan zen gehien mugitu zenetakoa; motorra, nolabait. Eta guztiak animatu ginen berehala. 

Larrea: Trikitilaria ere bazenuten orduan eta... Polita zen. 

Etxeberria: Gogoz geunden eta berehala hasi ginen pentsatzen bertsoak egokitu beharko genituela, batetik bestera nola joan... 

Iurramendi: Eta urtez urte hobetzen joan da. Bertsoak edo koplak pertsonalizatzen joan gara, eta egokituta bizpahiru kanta izateraino iritsi gara. 

Etxeberria: Nik oso oroitzapen onak ditut. Oso ondo pasatzen genuen. 

Larrea: Bai, bai. Oso giro ona egon da gure artean beti. 

Nola aldatu da denbora honetan?

Iurramendi: Gero eta gutxiago gara. Gazte batzuk hasi dira parte hartzen, baina... Ateratzen garenok oso gustura egiten dugu, ondo pasatzen dugu, eta horri esker jarraitzen dugu aurrera. 

Larrea: Lehen hartan zortzi-bederatzi izango ginen, gerora hamazazpi izateraino iritsi ginen; eta orain hamarren bueltan ibiltzen gara. Pena litzateke galtzea. Guk jarraitzeko asmoa dugu, behintzat.

Etxeberria: Niri gonbidapenak ilusioa egin dit. Bileratxo bat egin genuen eta polita izan da. Segitu egin behar da. Eusten ez badiogu... Nola ba? Ohiturak mantendu behar ditugu. 

Nolakoa izaten da eguna?

Iurramendi: Ostatutik hasten gara, eta eskolan egiten dugu lehen geldialdia —irekita baldin badago—. Eta hortik aurrera momentuan pentsatzen dugu batera edo bestera joan. Jendea ezagutzen dugu eta etxean egongo dela baldin badakigu, harengana joaten gara. Gutxi gorabehera urtero ibilbide antzekoa izaten da. 

Larrea: Noizbait egin izan dugu goizen hasi eta bazkaltzeko plana ere egin. Baina askotan arratsaldean atera izan gara. 15:00etan abiatu eta 21:00 edo 21:30ak arte.

Mende laurdenarekin egongo da aldaketarik?

Iurramendi: Aurretik aritu direnei deitu diegu, eta ea gizentzen dugun pixka bat taldea. Horrez gain ez dago ezer berezi-berezirik.

Larrea: Egunean bertan ez. Gerora ari gara pentsatzen zerbait egitea ibilbidea nonbait jasotzeko. Argazkiak bildu edo horrelako konturen bat. Urteurrena, behintzat, gogoratzeko. 

Zein izan dira irauteko gakoak?

Hirurak: Giroa. Oso giro ona daukagu gure artean. 

Iurramendi: Oso ondo pasatzen dugu, eta horri esker egiten du aurrera. 

Larrea: Gazteak etortzen direnean beti esaten digute gurekin oso ondo pasatzen dutela. 

Etxeberria: Hori eta ohitura zaharrak bizirik mantentzeko gogoa. 

Zergatik da garrantzitsua ohitura zaharrak mantentzea?

Larrea: Gure sustraiak direlako.

Etxeberria: Eta transmisioa bermatu behar delako. 

Iurramendi: Hori da. Eskolara joaten garenean gustura hartzen gaituzte, eta batzuetan haiek ere prestatzen dira guri abesteko. Joan-etorri horretan sortzen dena oso polita da. eta transmisio aldetik gero eta eskasago gaude, beraz, are garrantzitsuagoa da mantentzea. Aspaldiko ohiturak dira, eta jaso behar dira. 

Etxeberria: Ez ezagutzea galera handia izango litzateke. 

Zein dira aurrera begira dituzuen asmoak?

Iurramendi: Bada, jende gehiago erakartzea. Ea zabaltzen dugun poz hori eta jende gehiago etortzen den. Hori da, pixka bat, helburura. 

Larrea: Gu ere aurrera goaz, eta beste 25 urtez ez dut uste jarraituko dugunik [barrez, hirurak]. Ea transmisio hori egitea lortzen dugun. Guk jarraitzen dugu, eta gazteak ere badira; baina hor tartean hutsune bat daukagu.

Larrea: Batzuk oso gogo onez hartu izan gaituzte etxeetan. Bazen Manu, Juanita... Batzuk hamaiketakoa egiten ziguten, txokolatea beste batzuk... Horiengana iristeko desiratzen egoten ginen. 

Etxeberria: Horrek niri oilo-ipurdia eta guzti eragiten zidan: baserrietara joan eta halako ongietorria jasotzeak. Sekulakoa zen. 

Iurramendi: Ateren bat ere itxi digute [erdi barrez]. Eta urtez urte ikasi dugu nora joan eta nora ez. 

Etxeberria: Batzuetan sekulakoa zen, guk adina disfrutatzen zutela nabari zitekeen. 

Uganen bukatzen genuenean han afaldu eta guzti egiten genuen. Kontu horietaz gogoratu eta... Zein polita zen hori: haien begirada horiek-eta ikustea. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!