Uxer Mozo (Ikaztegieta, 1998) herritarrak kudeatu du orain arte Ikaztegietako ostatua, eta Aida Ratund (Tolosa, 2005) tolosarrak hartu dio lekukoa. Orain arteko eskaintza mantentzeko asmoa azaldu du.
Zer moduz doa eskualdatzea?
Uxer Mozo: Aldaketa handia da, eta gauza asko hartu behar dira kontuan. Ari gara pixkanaka-pixkanaka. Aidak esperientzia du, aurretik ere aritu da beste taberna batzuetan, eta horrek errazten du kontua.
Aida Ratund: Asko ari naiz eskertzen Uxer hemen egotea. Edozein gauza galdetzeko aukera izateak asko errazten du dena, eta hasteko gogoz nago.
Ez da, hortaz, taberna batean zure lehen aldia izango.
Ratund: Aurretik Alegiako jubilatuen tabernan aritu naiz; eta, horrez gain, baita beste hainbat tabernatan ere.
Erronka zehatzik identifikatu al duzue?
Mozo: Denbora honetan ikusi dut nondik jotzen duen jendeak gehien, eta ari natzaio esaten sukaldea dela bereziki zaindu beharreko esparrua. Hor ari naiz tematzen, garrantzitsua iruditzen zaidalako. Horrez gain, esperientzia duenez-eta, ez dut uste aparteko zailtasunik izango duenik.
Ratund: Hori ikusita, niri ere sukaldeak ematen dit errespetu handiena. Dena dela, ez daukat eskaintza aldatzeko asmorik: aurretik ematen zena mantenduko dut.
Noiz zabalduko duzue?
Mozo: Gauza dezente daude egiteko, eta nahiagoko nuke zertxobait atzeratu, horrek ondo zabalduko dela ziurtatuko badu.
Ratund: Nik uste aste pare batez egongo dela itxita. Hilabetearen bukaera aldera zabaltzeko moduan izango garela esango nuke, agian, baita lehenago ere.
Nolakoak izan dira azken asteak?
Mozo: Bereziak. Egunerokotasunean badirudi ez dela ezer aldatzen, baina bat-batean konturatzen zara bi aste geratzen zaizkizula. Ziurgabetasun asteak ere izan dira.
Nola baloratzen duzu ostatuan izandako esperientzia?
Mozo: Balorazioa, orokorrean, positiboa da. Azken urtea izan da zailena, baina bestela... Oso-oso ondo hartu gaitu jendeak, eta orokorrean gustura aritu gara, bai.
Nolatan erabaki duzu ostatua kudeatzen hastea?
Ratund: Bada, Alegiako jubilatuen tabernako nagusiak animatu nau, batik bat. Berak eman zidan eskaintzaren berri, eta berak eman dit bultzadatxoa ere. Saiatuko naiz ahal bezain ondo egiten.
Eta aurre begira zein asmo dituzu ostatuarekin?
Ratund: Ez daukat eskaintza aldatzeko asmorik. Guztiarekin berdin jarraitzea da asmoa, jendea horrela baitago ohituta. Lehen bezala, astelehenetan itxita egongo da eta, gainerakoan, irekita.