ELKARRIZKETA

«Diskoa etxean egindako zerbait bezala maitatzen ikasi dut»

Araitz Uria Lizarra 2026ko urtarrilaren 19a

Imanol mendizabal Larrea musikaria. A.U.L.

Imanol Mendizabal Larreak nerabezarotik helduarora egindako jauzian bizitakoa jasotzen du Egozidioa diskoak. 2019an hasitako konposizio lana azaroan kaleratu du.

Imanol Mendizabal Larrea (1997, Ikaztegieta) 10 urterekin hasi zen pianoa ikasten. Gaur egun psikologoa da, eta pianoa beti bigarren planoan izan badu ere, sei urtez Egozidioa piano-diskoan aritu da lanean. Jolasetik, inongo helbururik gabe eta helmugarik gabe sortu da albuma. Argitaratzeko baino gehiago, barrura begira egindako ariketa izan da Mendizabalentzat.

'Egozidioa' zure lehen diskoa da, eta izenburutik bertatik harridura sortzen du. Zer da egozidioa?

Egozidio kontzeptua lehen aldiz nire irakasle bati entzun nion, Patxi Izagirre terapeutari. Teknikoki, pertsonaiaren heriotza esan nahi du, egia esan: egoa pertsonaia gisa ulertuta. Geure buruari buruz istorio asko sortzen ditugu, eta munduaren aurrean istorio horren barruan aurkezten gara. Baina pertsonaia horrek, batzuetan, kalte ere egin diezaguke. Egozidioak pertsonaia horren heriotzari egiten dio erreferentzia, gure benekotasunera eta egiazkotasunera gerturatzeko bide gisa.

Diskoarekin noraezean nengoen une batean iritsi zitzaidan hitza. Albumaren ideia orokorra argi nuen: nerabezarotik helduarora igarotzeko prozesua islatzea, pertsonaiaren aldaketa. Egozidio kontzeptua ezagutzean, berehala sentitu nintzen identifikatuta.

Beraz, diskoa sortuta zegoenean iritsi zen izenburua?

Erdibidean iritsi zen. Buelta asko eman dizkiot diskoaren atzean dagoen kontzeptuari, baina ideia nagusia ordurako bazegoen.

Diskoa instrumentala da, baina izenburuek eta kanten tituluek pisu handia dute: 'Disoziazioa', 'Agurrak', 'Adikzioa', 'Idealizazioa', 'Maite-mina'… Bidaia emozional bat marrazten dute.

Albuma nerabezarotik hasten da, eta helduaroko lehen urteetarainoko prozesua erakusten du. Kanta bakoitzak fase zehatz bati egiten dio erreferentzia, eta horregatik dira horrelakoak izenburuak. Une batean pentsatu nuen izen neutroagoak jartzea, kanta «normalak» balira bezala, baina kontzeptuari leiala izatea erabaki nuen.

Orduan, lehenik kontzeptua eta izenburuak etorri ziren, eta ondoren konposizioa?

Diskoa sortzen hasi nintzenean ez nekien zer gertatuko zen. Arau gutxiko lana izan da. Banekien kanta bakoitzak momentu bat islatuko zuela, eta momentu horrekin konektatzerakoan etorri da konposizioa. Atzera begiratuta, une horietara bueltatuta idatzitako piezak dira. Izenburua geroago iritsi da: momentua oso identifikatuta zegoen, baina oraindik ez nekien nola definitu.

 

«Oso arau gutxiko diskoa izan da»

Konposatzea, beraz, iraganeko une horiekin konektatzeko modua izan da?

Albuma sortzeak on egin dit. Mihise zuria balitz bezala izan da. Denok behar dugu nolabait gure barneko prozesua sinbolizatzea, zerbaitetan hezurmamitzea, modu batean edo bestean. Niretzat atzera bueltatzea oso onuragarria izan da: momentu hori hobeto ulertzeko, baita ezkutuan geratzen diren gatazka batzuk askatzeko eta beste irakurketa bat egiteko ere. Neure buruarengana etengabe gerturatu nauen prozesua izan da.

Diskoan estilo-aldaketa handiak daude: 'Preludio' eta 'Adikzioa', edo 'Idealizazioa' eta 'Katarsia' oso desberdinak dira.

Ez zegoen araurik diskoan, irizpide bakarra bizitako prozesuari leiala izatea zen. Albumean dauden gorabehera horiek guztiak, desberdintasun horiek guztiak, estilo ezberdinak, horren adierazle dira. Momentu horietan neure buruan bertsio asko azaldu direlako, eta asko aldatzen garelako bizitzan zehar. Prozesu oso desberdinak bizitzen ditugulako.

Ahotsik gabeko diskoa da, eta gaur egun ez da ohikoena. Nolakoa da 'Egozidioa'?

Oso zaila egiten zait galderari erantzutea. Album emozionala denez, esango nuke, behintzat, ez dela irratian entzuteko diskoa, edo lanera bidean kotxean jarriko zenukeena. Musika beti dago emozioekin lotuta, baina Egozidioan oso presente daude, modu oso esplizitu batean.

Eta nola entzun beharko litzateke?

Bada ez dakit; izan ere, nik kanta horiek kotxean entzuten ditut [barrez]. Bakoitzak oso modu pertsonala du musika bizitzeko. Nik adibidez, horrelako musika, letrarik gabea, neure buruarekin konektatzeko erabiltzen dut. Egunerokotasunean estimulu asko ditugu, eta halako musikak barrura begiratzen laguntzen du batzuetan.

Autoekoiztua izan da diskoa. Nolakoa izan da prozesua?

Hasieran pianotik zuzenean grabatutako maketekin hasi nintzen. Gero, pauso bat ematea erabaki nuen, eta hobeto grabatzeko eta ekoizteko jendea eta baliabideak bilatu nituen. Denborarekin, ez nintzenez guztiz eroso sentitzen, ikasitakoa etxean aplikatzen hasi nintzen, eta nire kabuz ekoiztu dut. Ez da mundu erraza, ezta intuitiboa ere, eta buruhauste asko izan ditut. Baina etxean egindakoa onartzen ikasi dut, baliabideekin jolastuz iritsi naizelako emaitza honetara.

Estetika bisuala ere oso landua da: mendia, basoa, natura.

Prozesu honetan atal garrantzitsua bihurtu da natura, kanta bakarrean ere ez dut aipatzen, ez zuzenean behintzat. Baina niretzat geure burura gerturatzeko prozesu horrekin oso paraleloan dagoen zerbait da naturarekin konektatzea.

«Geure burura gerturatzeko prozesu horrekin oso paraleloan dagoen zerbait da naturarekin konektatzea»

Nik mendiarekin izan dut lotura hori. Mendi inguruan neure burura asko gerturatzeko aukera izaten dudala sentitu izan dut. Diskoak horri buruz hitz egiten duenez, eta egia esan, estetika bisualaren inguruan pentsatzean ez nuenez bideoklipik egiteko beharrik, ezta neure burua erakusteko beharrik ere, natura elementu egokia iruditu zitzaidan albumari irudia emateko.

Erreferentziarik izan duzu?

Urte askotan musika entzuteko nuen modua kanta solteak entzutea izan zen. Albuma sortzen hasi aurretik, adibidez, Rosaliak El Mal Querer kaleratu zuen, eta horrela hasi nintzen kontzeptualagoak diren disko batzuetara gerturatzen. Erreferentzia zehatz bat ez dut izan, baina neure buruan «klik» bat gertatu zen, eta diskoen atzean kontzeptu bat, istorio bat —bere hasiera eta amaierarekin— egon daitekeela ikusi nuen.

Erraza izan da diskoaren alderdi guztiak zaintzea eta autoekoizpena aurrera eramatea?

Nire bizitzako azken sei urtetan oso modu zeharkako batean egon den zerbait izan da albuma. Nik nire helburuak, nire bizitza, nire lana izan ditut, eta diskoa hor egon da beti, baina atzealdean. Erortzen eta altxatzen, gelditzen eta hasten, frustratzen... ikasi dut lan honekin. Normalean, inpultsibitate handia, zerbait hastean jarraian bukatzeko inpultsibitatea izaten dut; baina, diskoarekin desberdina izan da. Agian sei hilabetetako geldiuneak egon dira, non, konposizioa ez dudan ukitu ere egin... Eta zenbat aldiz pentsatu ote dudan erabat albo batera uztea!

Sei urtez bigarren planoan egon den lana izan da. Orain, argitaratuta, zer sentitzen duzu?

Argitaratzea prozesua bera ixteko modu bat izan dela sentitzen dut. Baina ez albumaren garaia osatzeko bakarrik, baizik eta baita nire etapa bat ere. Nerabezarotik gazte aroko lehenengo urteetara igaro arteko urteek badute esperimentazio ukitu handia: jolastu nahia, gauza desberdinak probatu nahia... Nik, azken urteetan, aldaketa bat izan dut, garai horren itxiera bat bezala. Egonkortasunera gerturatu naiz. Orduan, albumaren itxiera, albumaren argitalpena, oraintxe neroni nagoen garaiarekin bat dator, eta polita izan da diskoa zigilu bat bezala izatea: aroa itxi eta botatzeko. Askatzeko.

«Polita izan da diskoa zigilu bat bezala izatea: aroa itxi eta botatzeko. Askatzeko»

Jolasa bezala hasi zen proiektu honek honaino iritsiko zela irudikatzen zenuen?

Eseri eta munduko kuriositate handienarekin, burbuila batean sartuko banintz bezala, melodiekin jolasten, horrela hasi nintzen. Galderak eginez: «Orain soinu hau sartzen badut? Eta, ordenagailura nola eraman dezaket?». Oso modu arinean eta naturalean. Gero, kaleratzea pentsatzen hasten zarenean, txiki sentitzen zara. Zure mundu intimoa edo zeure buruarekin konektatzeko duzun hori argitaratzea pentsatzean... Txiki sentitzen zara, baliabideak ere ez dituzulako. Horregatik, prozesuaren parte izan da diskoa etxean egindako zerbait bezala maitatzen ikastea.

Diskoa euskarri fisikoan eskuratu daiteke?

Ez, oraingoz ez, espektatibarik gabe atera den zerbait izan da, eta ez dut asmorik izan diskoa fisikoki saltzeko.

Eta zuzenean entzuteko aukerarik izango al da?

Diskoa kaleratu baino lehen argitaratu, askatu egin nahi nuen, horixe bakarrik. Orain jakin-mina piztu zait... Ea zer gehiago egin dezakedan. Agian nonbaitetik deitzen didate, eta prest nago zuzenekoren bat eskaintzeko, animatuta sentitzen naiz; edo, ez.

Ikaztegietako Udala harremanetan jarri da herrian kontzertua eta elkarrizketa egiteko, eta bai, prest sentitzen naiz, beraz, aurrera. Baina, egunak dakarrenaren arabera noa! Oraingoz behintzat, Ikaztegietan martxoaren 20an izango naiz. Hortik aurrera ez dakit.

'Egozidioa' 'Lurreratzea' kantuarekin bukatzen da. Zure ametsa lurreratu al da?

Ametsa lurreratu baino, ni lurreratu naizela sentitzen dut, lurreratzea etxera bueltatzea bezala ikusten baitut. Nerabezaroan denok dugu galdera pila bati erantzuna eman beharreko unea, ezer ez dakigun unea, baina jakin-min handia pizten zaiguna. Herri txiki batean, euskal kulturan, gay zarenean edo desberdinxegoa zarenean zailagoa ez, baina erronka gehiago izaten dituzu. Erronka horiei aurre egiteko orduan, etxetik urruntzeko, zure bidea ezagutzeko eta gauza desberdinekin identifikatzeko beharra izaten da. Gero erabakitzen da non geratuko zaren, non ez, zenbat jasotzen duzun leku batetik, eta zenbat ez. Nik, bizitako eta itxitako prozesuaren ondoren, askoz argiago dut zein den neure burua, nondik natorren, non dauden nire sustraiak eta askoz ere modu integratzaile batean itzuli naizela etxera. Hor ikusten dut lurreratzea, eta esango nuke, horixe dela albumaren itxiera.

Erlazionatuak

Imanol Mendizabalen 'Egodizioa'

Araitz Uria Lizarra urt 19 Ikaztegieta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!