Aitor Bedia elkarrizketatu dute Ikaztegietako gazteek

Leyre Carrasco 2025eko azaroaren 30a

Aitor Bedia sakonago ezagutzeko aukera izan dute gaztetxoek; galdera biografikoak egiteaz gain, Añube musika taldearen ingurukoak ere egin dizkiete.

Aitor Bedia, Añube musika taldeko abeslaria elkarrizketatu dute Ikaztegietako gazteek, Sormenetik Gurera egitasmoaren barruan. Saioa elkarlanean antolatu dute Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak eta Kalexka gaztelekuak. Elkarrizketan hainbat motatako galderak egin dizkiote, horien artean, biografikoak eta gaur egungo jardunari buruzkoak.

Galtzaundik sustatu eta sortu du Sormenetik Gurera izeneko egitasmoa, eta bosgarren edizioa izan da gaurkoa. Izatez, Tolosako azokaren testuinguruan egiten dituzte Sormenetik saioak, eta Euskal Herriko artistak zein sortzaileak elkarrizketatzen dituzte.

Sormenetik Gurera, berriz, proiektuaren egokitzapen bat da gai bera eskualdeko nerabeekin lantzeko; horregatik egin dute gaur Ikaztegietan eta bertako gazteekin. Proiektuaren helburuak dira, besteak beste, eskualdeko eragileen lankidetza sustatzea, nerabeen arteko harremanak sortzea eta euskal kulturaren transmisioan sakontzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!