Aitor Bedia elkarrizketatuko dute Ikaztegietako gazteek

Ataria 2025eko azaroaren 25a

Saioa prestatzen aritu diren gazteak eta arduradunak. A. ARROYO

Ikaztegietako gazteek aukeratu dute Bedia, Añube musika taldeko abeslaria. Igandean galderak egingo dizkiote, 17:00etatik aurrera, Ikaztegietako udaletxearen azpiko aretoan.

Aitor Bedia Añube musika taldeko abeslaria elkarrizketatuko dute Ikaztegietako gazteek Sormenetik Gurera egitasmoaren barruan. Saioa elkarlanean antolatu dute Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak zein Kalexka gaztelekuak eta igandean —azaroaren 30ean— izango da, 17:00etan, herriko udaletxearen azpiko aretoan.

Elkarrizketan hainbat motatako galderak egingo dizkiote, horien artean, biografikoak eta gaur egungo jardunari buruzkoak. Antolatzaileen hitzetan elkarrizketa «arin eta freskoa» izango da, eta «erronka dibertigarri bat» ere egingo dute. Ikaztegietako Udalaren eta antolatzaileen laguntzarekin, herriko gazteak arduratu dira ekitaldia antolatzeaz eta euskarri komunikatiboak sortzeaz.

Sormenetik proiektua
Galtzaundik sustatu eta sortu du Sormenetik Gurera izeneko egitasmoa, eta bosgarren edizioa izango da igandekoa. Izatez, Tolosako azokaren testuinguruan egiten dituzte Sormenetik saioak, eta Euskal Herriko artistak zein sortzaileak elkarrizketatzen dituzte.

Sormenetik Gurera, berriz, proiektuaren egokitzapen bat da gai bera eskualdeko nerabeekin lantzeko; horregatik egingo dute Ikaztegietan eta bertako gazteekin. Proiektuaren helburuak dira, besteak beste, eskualdeko eragileen lankidetza sustatzea, nerabeen arteko harremanak sortzea eta euskal kulturaren transmisioan sakontzea.

Saioak egiteko harremanetan jartzen da Galtzaundi eskualdeko herri bakoitzeko eragileekin, eta herrietako taldeekin jarduera bideratzea proposatzen du. Horretarako, beharrezkoa izaten da nerabeen inplikazioa, eurak arduratzen baitira hitzordua antolatzeaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!