Hainbat hirigintza lan Ikaztegieta sarreran

Ataria 2025eko azaroaren 18a

Obrak egingo dituzten Ikaztegietako sarrera. IKAZTEGIETAKO UDALA

Ikaztegieta sarreran hainbat lan egingo dituzte: batetik, bi zebrabide goratu eraikiko dituzte; eta, bestetik, EPAK fabrika abandonatua eraitsiko dute.

Ikaztegietaren sarrerako errepidean (Legorreta aldetik) hainbat lan egingo dituzte datozen asteetan. Batetik, bi zebrabide berri eraikiko dituzte kiroldegiaren ondoko biribilgunean; eta, bestetik, EPAK fabrika abandonatua eraitsiko dute. Lanak azaroaren bigarren hamabostaldian hastea aurreikusten dute, eta gauzatu bitartean arretaz gidatzeko eta ibiltzeko eskatu dute.

Biribilgunearen alde bakoitzean zebrabide bana jarriko dute, eta goratuak zein argiztatuak izango dira. Obra horrekin kiroldegiko berdegunerako irisgarritasuna bermatzea da helburua, eta, aldi berean, ibilgailuek abiadura moteltzea. Ikaztegietako Udaletik zehaztu dute neurri horrekin ez dela murriztuko ibilgailuek herrigunean izaten duten abiadura, baina kiroldegiko eremura modu seguruagoan gurutzatzea ahalbidetuko duela. Zentzu berean, herri barruan ibilgailuen abiadura murrizteko proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lantzen ari direla ere gehitu dute.

Horrez gain, eremu berean bigarren obra bat ere egingo dute, hain zuzen, EPAK enpresa abandonatua eraitsiko dute. Herriko udalak iaz erosi zuen enpresa dagoen eremua, eta ingurua «ahalik eta garbien» utzi nahi dute: «Modu horretan, kiroldegiaren eremuak, zebrabide berriekin batera, itxura berritua eta saneatua hartuko du».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!