Txalaparta argitaletxeko Iparrorratza bilduman eman du argitara Etxeko leihoak unibertsora. Utopiak pentsatzeko marko bat saiakera liburua Garmendia Castaños (Ikaztegieta, 1992) filosofoak. Utopiak gaur egun zein leku duen hausnartu eta horri buruzko kritika ere egin du.
Zer topatuko du irakurleak?
Gaur egun utopiak hartu duen lekuaren hausnarketa bat da. Azkenaldian utopia aldarrikatzen ari garela uste dut: militantzietan etorkizun desiragarriak irudikatzen, aldarri politiko bezala erabiltzen... Utopia aldarrikatzeko une batzuk daude hor, eta horren gaineko hausnarketa eta kritika da.
Nolakoa izan da hausnartzeko prozesua?
Erronka izan da gaur egun utopiak duen leku horri buruz zerbait idaztea; eta horren barruan testu dibulgatzaile bat izatea edo irakurterraza, behintzat. Interes pixka batekin gerturatu behar da liburura, hori ez dago ukatzerik. Baina bilduma hau ez da tesi bat idazteko lekua; eta ez da testu akademiko bat.
Publiko zehatzik izan duzu gogoan?
Hasieran gazteentzako zerbait idaztea proposatu zidaten. Ez naiz horren oso zalea, ez zait iruditzen gazteentzat propio idatzi behar denik. Idatzi, pentsatu eta dena delakoa egin behar dugu, eta gazteek edo ez gazteek irakurri eta hausnartuko dute.
Ez dut bereziki publiko bat izan gogoan. Euskal delako horrekin interes pixka bat izan dezakeen norbaitentzat da egokia, eta pentsatzeko edo hausnarketa kritikorako joera izan dezakeen norbaitentzat. Egia da filosofiatik gerturatzen ez den norbaitentzat, beharbada, erronka izan daitekeela liburua ulertzea. Baina ez da, inola ere, filosofiako ikasleentzat edo irakasleentzat idatzitako testu bat. Idatzi nahi izan dut nik gustura irakurriko nukeen testu bat.
Aldarrikapen batzuk egiten dituzu.
Dagoen aldarrikapena bikoitza da. Alde batetik, utopia eta politika bereiztea —eta biak aldarrikatzekoa, noski; behar ditugu politika eraldatzaileak eta behar ditugu utopiak—; baina, sentitzen dut azken urteetan egiten ari garena ez ote den politika eraldatzaileen ordez utopiak aldarrikatzea, eta bata bestearekin ordeztea.
Bigarren aldarrikapena da gure utopiak pentsatzea eta irudikatzea. Badauzkagu Euskal Herritik pentsatu eta idatzi diren utopiak; eta beste irudipen bat da ez direla nahikoa. Agian pretentsio literario batzuekin gerturatu izan dira idazleak utopietara, baina ez hainbeste pentsamendu politikotik. Behar ditugu Euskal Herritik, euskaratik eta euskararentzat pentsatu direnak eta bietatik izango dutenak: literaturatik eta pentsamendu politiko konplexu batetik.
Liburuko aipu bat da «ez utzi utopiarako politikan egin daitekeena».
Hori da lehenengo aldarria: politika eta utopia bereiztearena. Oso iradokitzailea da utopia edo iruditegi utopikoak aldarrikatzea; eta ulertzen dut horrek zer esan nahi duen. Baina hartzen dugun arriskua da politika eraldatzaileari utopiko deitzea; eta horren arriskua da ezinezko bihurtzea. Horrela ematen duena da aldaketa edo iraultza ezinezkoa dela.
Non dago muga?
Etorkizunean nolako Euskal Herria nahi dugun pentsatzean, desiragarria den hori utopian irudikatzen dugu. Bizi nahi dugun testuinguru bat irudikatu nahi badugu, ordea, hori politikatik egin behar da; irudimen politiko, ausart eta dena delako batetik. Aparte, utopiak irudikatuko ditugu eta horiek jarriko gaituzte beste erritmo batean pentsatzen. Utopiak ematen diguna da desirak berrikusteko aukera bat, edo irudikatu ditzakegula errealitatetik eta probabilitatetik askoz urrunago dauden mundu batzuk, zeinak ez duten zertan errealistak izan.
Horiek halako ispilu bat eta hausnartzeko galdera ematen dizkigute: utopiak zer esaten digun gaur egungo gizarteaz, gure desirei buruz. Nik uste hor beste erritmo batean egiten dela lan, eta biak behar ditugula: batetik, politika eraldatzaile ausartak eta irudimen askokoak; eta beste alde batetik, utopia konplexuak.
Fikzioan izan da distopiak sortzeko joerarik.
Beste elkarrizketa batean esaten nuen pandemia ostean izan genituela distopia asko. Ez dut uste distopia bere horretan mundu ordena erreproduzitzeko tresna bat denik; baina garai horretan hortik asko izan zuen. Hor badago Francisco Martorellen liburu bat —Contra la distopia [Distopiaren aurka]— eta berak oso ondo aletzen ditu ideia horiek.
Adibidez, distopia izan daitekeela statu quoa justifikatzeko tresna bat, azken batean, aurkezten duelako arrisku bat, zeina gaurko gizartearen bilakaera batean egon daitekeen. Eta ondorio gisa aurkezten du hobe dela gaur egungoa, etor daitekeen hori baino. Askoz finago egiten du hori Martorellek, baina hortik doa. Ez dut uste distopia hori bakarrik denik, baina une batzuetan hortik asko izan du. Eta hortik duenean, agerian ere jarri behar dugu. Liburuan egiten da hori, kasu honetan, utopiarekin.
Batzuen utopia izan daiteke besteen distopia?
Badago joera bat utopia zerbait positiboarekin identifikatzeko; eta esango nuke ezkerraren etorkizun desiragarri bezala hartzen dela. Ez nago ados, baina uste dut hortik baduela utopiak gure buruetan hartzen duen definizioak. Utopia, ordea, ideologia guztietan dago; eskuin muturrak ere baditu bereak. Hortaz, utopia aldarrikatzea bere horretan ez da desiragarria. Kontziente izan behar dugulako, adibidez, eskuin muturraren utopia guretzat ez dela desiragarria.
Batzuen utopia besteen distopia izan daiteke, zalantzarik gabe. Nahiz eta gero, definiziora etorrita, askotan esaten den biak continuum batean daudela eta ez direla zuria eta beltza. Utopia batean ere badaude ñabardurak: batzuk desiragarriak; eta beste batzuk, ez hainbeste. Utopia ez da panazea, eta ezta distopia munduko infernurik handiena ere.
Zein erreferente izan dituzu?
Nagusia, zalantzarik gabe, Joxe Azurmendi da. Liburuan zehar Azurmendiren pentsamendua nahiko konstantea da; halako osotasun bat ematen dio. Munduari marko propioetatik begiratzen Azurmendirekin ikasi dugu, eta nahiko derrigorra zen bere pentsamendua hor egotea.
Marko propio horien barruan, badaude belaunaldi berriagoetatik ikasi ditudan gauza asko ere. Liburuan aipatzen ditut bereziki Cira Crespo, Alaitz Aizpuru eta Aritz Garmendia; eta horiek bezala beste asko daude. Zirriborroak irakurtzen, proposamenak egiten-eta jende asko aritu da, eta beraien pentsamenduak eta ekarpenak ere oso presente daude liburuan zehar. Halako egiletza kolektibo bat ere badu, eta horiek ere izan dira erreferenteak liburua idazteko eta pentsatzeko orduan.
Argitaratzen duzun lehena da. Nola bizi duzu esperientzia?
Egia esan, liburua idazteko prozesua erraza izan da. Oso eskertuta nago editoreei; sekulako lana egiten dute eta uste dut ez ditugula nahikoa eskertzen eta haien lana aitortzen. Kasu honetan Garazi Arrula eta Iñigo Satrustegi dira editoreak eta, besteak beste, liburua irakurgarria eta atsegina baldin bada, haiei esker esker ere bada. Nahiko prozesu erraza izan da, agian, banekielako gutxi gorabehera zer esan nahi nuen.