Herrigintza elkarteak antolatuta, Ikaztegietako XXXIV. Herri Krosa egingo dute larunbatean. Joan den urtean bezala, proba luzea eta motza izango dute aukeran korrikalariek; luzea 10 kilometrokoa da, eta motza, berriz, 4,5 kilometrokoa. Duela bi urte jarri zuten motza egiteko aukera, parte hartzea sustatzeko helburuarekin, eta horrek izan zuen harrera ona ikusita, aurten ere aukera hori jarri dute. Proba motzari, gainera, berrikuntza bat gehitu diote; mistoa aukera jarri dute, eta beraz, bikoteka parte hartu ahalko da.
Xabat Ibarguren antolatzaileak azaldu bezala, «herri txikietan egiten diren lasterketa herrikoiek parte hartzaile asko galdu dituzte azken urteetan, eta Ikaztegietan beti ari gara parte hartzaileak nola erakarri pentsatzen. Inguruko lasterketa batzuk begiratzen, konturatu ginen azkenaldian misto formatuan egiten diren lasterketek jendea erakartzen dutela, eta batez ere, emakumeen parte hartzea areagotzen dutela. Beraz, bi helburu horiek aintzat hartuta aukera hori gehitzea erabaki genuen».
Gauzak honela, aurten, hiru lasterketa –luzea, motza eta misto motza– egingo dituzte. Proba guztiak batera hasiko dira, 16:30ean, eta amaieran sariak, zozketa bereziak eta jan-edana egongo dira.
Sariei dagokienez, proba luzeko lehenengo hiru irabazleek jasoko dute saria, baita lehenengo iristen diren bi herritarrek ere. Proba motzaren kasuan, lehenengo hiru irabazleek izango dute saria, eta misto formatuko proba motzean bikote irabazleak izango du.
Helduen probaren aurretik, 16:15ean hasita, gaztetxoen txanda izango da. «Ikaztegietako herri eskolako ikasleentzat dago bideratuta proba, hau da, LH6 arteko adin tartekoentzako», azpimarratu du antolatzaileak. Horien kasuan, ez da sailkapenik izango, eta beraz, ez da izena eman beharrik izango.
100 korrikalari
Iazko edizioaren balorazio «positiboa» egin du Ibargurenek: «Eguraldi oso ona izan genuen eta gure helburua lortu genuen: 100 korrikalari inguruk parte hartzea. Ea aurten ere ehuneko zifra horretara iristea lortzen dugun». Momentuz, proba luzerako 53 parte hartzailek eman dute izena: luzean 30 lasterkarik, motzean 15 lasterkarik eta misto formatuko proba motzean lau bikotek.
Izen-emateak zabalik jarraitzen du eta Herrikrosa.eus webgunearen bitartez egin ahalko da. Lasterketan parte hartzeko interesa dutenek lasterketa egunera arte izango dute horretarako aukera, proba baino bi ordu lehenago arte. Hala ere, izena aurretik ematea eskatu dute antolakuntzako kideek.
