Tifaritira eramateko materiala biltzeko hilabetea

Ataria 2025eko azaroaren 6a

Saharar komunitatearen aldeko eguna, iaz, Ikaztegietan. A. ARROYO

Orain bi urte hasi zuen Ikaztegietak Mendebaldeko Saharako Tifariti herriarekin senidetzeko prozesua. Azaroan mota askotako materiala jasotzen ariko dira bertara eramateko.

Sahararrentzat materiala biltzen ariko dira hilabetean zehar Ikaztegietako udaletxean. Laguntza hainbat modutan bidali die Ikaztegietako Udalak errefuxiatu sahararrei, eta, oraingoan, mota askotako materiala biltzeko deia egin du.

Ikaztegietako Udalak 2023ko urrian hasi zuen Mendebaldeko Saharako Tifariti herriarekin senidetzeko prozesua. 2024ko urrian errefuxiatu sahararren kanpamentuetara egin zuten bidaia instituzionala, eta itzuleran hango berri eman zuten hitzaldi batean.

Ikaztegietako Udalak, beste askok bezala, hitzarmena du Euskal Fondoa erakundearekin, eta urtero egiten du 500 euroko ekarpena errefuxiatu sahararren kanpamentuetarako. Esate baterako,  azken bi urteetan,  komunikazio proiektua laguntzeko eman diete diru laguntza.

Udalak proiektu estrategiko horietarako ematen duen laguntzaz gain, «herritarrena» eskatu du oraingoan. Kasu honetan, zuzenean Tifaritira bidaltzeko materiala bilduko dute, bi herrien arteko senidetzea «paper hutsean geratu ez dadin».

Zentzu horretan, hainbat motako materiala behar dutela adierazi dute: eskolako materiala, oinetakoak, haurrentzako arropa eta jostailuak, mantak, taka-takak, gurpildun aulkiak, haurrentzako fardelak eta hilekoarentzako produktuak —konpresak eta antzekoak—.

Lagundu nahi duten herritarrek materiala udaletxera eraman beharko dute, eta azaroaren 30a izango da horretarako azken eguna. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!