Urte hasieran abiatu zuen Ikaztegietako Udalak elizaren ondoko jolastokietako bat berritzeko prozesua. Herritarrei proposamenak egiteko aukera zabaldu zieten, hitzordu ireki baten bitartez; eta, ondoren, udalak burutu du lanketa.
K1 Ekopaisaia enpresa izan da parke berria eraikitzeko arduraduna, lanak abuztuan amaitu zituzten eta, denera, 38.774,45 euroko kostua izan dute BEZa barne. Lan horien kostuari aurre egiteko Ikaztegietako Udalak, zehazki, 24.277,44 euroko diru laguntza jaso du Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailak kudeaturiko eta Europar Batasuneko kofinantzaketa duten EREIN laguntzaren 2025eko deialdiaren barruan.
Lanketa elkarlanean
Elizaren ondoko jolastokia «oso zaharkitua» zegoela nabarmendu zuen urte hasieran herriko Alba Garmendia alkateak, eta lege berriak errespetatzeko berritu egin behar zela. Parke berria, aldiz, «ahalik eta gehien» integratu nahi izan dute inguruko elementuekin, besteak beste, plazarekin eta beste jolastokiekin.
Jolastokia diseinatzeko, aurretik, hainbat bilera egin dituzte herritarrekin.