Zabalik da Ikaztegietako Ostatua kudeatzeko eskaintza

Ataria 2025eko azaroaren 5a

Interesa dutenek azaroaren 25era bitarte dute aukera proposamenak aurkezteko; irabazten duenak, guztira, lau urtez kudeatu ahal izango ditu ostatuko logelak, taberna eta denda.

Ikaztegietako Udalak martxan jarri du herriko ostatua kudeatu ahal izateko lizitazioa. Dagoeneko zabalik dago izena emateko aukera, eta interesa dutenek azaroaren 25a baino lehen aurkeztu beharko dute proposamena.

Esleipena irabazten duenak bi urtez kudeatu ahal izango ditu ostatuko logelak, taberna eta denda; eta beste bi urtez luzatu ahal izango da kontratua. Bestalde, bete beharreko baldintzen artean dago zerbitzua euskaraz ematea.

Udalaren babesa
Herriko udalak urte hasieratik adierazi du konpromisoa azpiegiturarekin, eta horren erakusle da hainbat hitzordu antolatu izana herritarrekin hausnartzeko. Horrez gain, udalak bere gain hartzen ditu inbertsioen kostuak, 2.400 euro bitarteko urteko mantentze gastuak eta argindarraren kostuaren erdia.

Lizitazioa ebazteko, berriz, hainbat ezaugarri hartuko dituzte kontuan, horien artean, sukaldeko eskaintza, denda bertako produktuekin osatzea, zero zabor filosofia izatea, eskualdeko turismoa lantzea, kultur eskaintzak antolatzeko konpromisoa eta herriko eragileekin harremana izatea.

Herrian, gako
Alba Garmendia herriko alkateak nabarmendu du «herri txikiak bizirik mantentzeko oinarrizko zerbitzua» direla ostatuak, eta «guztion ardura» dela ostatua zein herria biziberritzea.

Proiektuaren gidaritza hartu nahiko luketenek lizitazio elektronikorako plataforman aurkeztu beharko dute proposamena, eta herriko udalak adierazi du 943 65 33 29 telefono zenbakira deitzeko informazio gehiago jasotzeko eta zalantzak argitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!