Urriaren 29an —datorren asteazkenean— azken batzar irekia egingo du Ikaztegietako Udalak kiroldegia eraberritzeko gaia lantzeko. Batzarra udaletxeko batzarren aretoan egingo dute, 17:30ean. Aurreko bileran aurkeztutako proposamena landu eta aurrera egin edo ez erabakiko dute bertan.
Ikaztegietako Udalak aurreratu du datorren asteko bilera horretan kiroldegiaren eraberritzearen lehenengo bi faseak egitea proposatuko dutela, eta hirugarren fasea ez litzateke gauzatuko. «Lanek milioi bat pasatxoko aurrekontua izango lukete. Jaso litezkeen diru laguntzak kontuan hartuta ere, udalak mailegu bat eskatu beharko luke lanak gauzatu ahal izateko».
Zentzu berean gaineratu dute batzarrean informazio zehatzagoa emango dutela, eta bertan erabakiko dela proposamenarekin aurrera egingo den edo ez. Hari berari tiraka, «interesa duten guztiak» gonbidatu dituzte eta garrantzitsutzat jo dute «denen parte hartzea», erabaki horrek datozen urteetako aurrekontuak baldintzatu ditzakeelako.