Bilera irekia egingo du Ikaztegietako Udalak hilaren 21ean

Ataria 2025eko urriaren 7a

Herritarrekin zenbait gai landu nahi ditu udalak, besteak beste, kiroldegiaren zaharberritzeari buruzko parte-hartze prozesua (marraztutako planoak gauzatzearen gastuaren aurreikuspena) eta 2025-2026 urteei begirako plan ekonomikoa.

Urriaren 21ean —asteartea— batzar irekia egingo du Ikaztegietako Udalak. Jendaurrean zenbait gai landu nahi dituztela iragarri dute udaletik: batetik, kiroldegia berritzeko prozesuan beste urrats bat emango dute; eta, bestetik, arlo ekonomikoan udalaren gaur egungo egoera azaldu eta datorren urtera begirako plana aurkeztuko dute. Bilera irekia udaletxeko batzarren aretoan izango da, eta 18:30ean hasiko dute.

Aurretik egin dituzte saio pare bat kiroldegiaren zaharberritzeari buruzko parte-hartze prozesuan, eta horietan zehaztu zuten nolakoa izan zitekeen kiroldegi berritua. Prozesuan parte hartu zutenen beharrak eta iritziak kontuan hartuta plano batzuk marraztu zituzten Junturako dinamizatzaileek. Bada, orain, plano horiek gauzatzeak izango lukeen gastuaren aurreikuspen bat egin dute, eta batzarrean eztabaidatuko dute aurrera egingo ote duten obra horrekin, osorik gauzatuko den edo lanak zatika egingo diren.

Horrekin lotuta, 2025 eta 2026 urteetako plan ekonomikoaren berri ere emango dute. Gastu-arauari dagokionez udalaren gaur egungo egoera zein den azalduko dute, eta urtea bukatu bitartean egitea aurreikusten dituzten lanak ere iragarriko dituzte. Horrekin batera, 2026ko aurrekontuei begira dituzten asmoak ere aurkeztuko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!