Ikaztegietako egunerokoan bada urtebete inguru daraman proiektu bat: Zapiak taldea. Herriko emakumeen arteko harremanak ehuntzea du helburu, eta ez nolanahi: «feminismotik eta euskaltzaletasunetik». Isilpean ez, baina «diskrezioz» jardun dute urtebete baino zertxobait gehiagoz, eta etzi —urriaren 3an— festa egingo dute ekimena aurkezteko eta jendea parte hartzera gonbidatzeko.
Kideen ezaugarriak dira taldearen berezitasunetako bat: bertan elkartu dira ikaztegietan jaio direnak, herrira heldutan iritsitakoak, Euskal Herriko beste eskualde batzuetatik bertaratu direnak eta baita beste herrialde batzuetatik Ikaztegieta aukeratu dutenak ere; guztiak ikaztegietarrak eta emakumeak.
Izenez zergatik, ordea, zapiak? Bada, kultura guztietan janzten direlako ohialekin, eta haurrak bularrean eramateko ere guztiek erabiltzen dituztelako.
Kulturarteko hizketaldiak
Mahaiaren bueltan elkarren erantzunak osatuz azaldu dituzte ekimenaren xehetasunak Jone Garmendiak (jaiotzez ikaztegietarra), Gloria Castañosek (Ikaztegietara duela 35 urte inguru iritsitakoa), Jady Abbak (herrira duela 13 urte iritsitako Mendebaldeko Sahararra), Fatou Diopek (Ikaztegietara duela 10 urte inguru heldutako senegaldarra) eta Sonia Plazak (herrira duela 18 urte inguru iritsitako iruindarra).
Saioetan hamabost bat emakume biltzen dira, adin eta jatorri askotarikoak, eta euren artean harremanak garatzeko ekimena «ezinbestekoa» dela azaldu dute: «Parkean edo kalean elkartzean izaten ditugun elkarrizketak azalekoak izaten dira. Espazio honek elkar hobeto ezagutzeko eta gai interesgarriak lantzeko aukera eman digu».
Eta hari horri tiraka gehitu dute elkar ezagutzetik harago, gai sakonen inguruan hausnartzeko «oso aberasgarria» izan dela jatorri ezberdinetako kideak izatea.
Jatorrizko hizkuntzan
Euskara da taldearen hizkuntza nagusia, baina proiektuaren oinarrietako bat «aniztasuna errespetatzea eta bermatzea» izanik, beste ama hizkuntza bat dutenek aukera izan dute euren mintzairan aritzeko. Nola, ordea? Bada, itzultzaileen bitartez. Haien lanari esker euskaraz ez ezik woloferaz eta hassaniaz ere aritu dira.
Baliabide horrek aukera eman die bakoitzari bere jatorrizko hizkuntzan parte hartzeko eta, horrela, aukera izan dute «segurtasunez eta gertutasunez» hitz egiteko.
Are gehiago, taldekideek nabarmendu dute «puntu batetik aurrera» itzultzaileek ere parte hartu dutela hausnarketetan eta euren ikuspuntuekin ere aberastu dituztela solasaldiak.
Aldian-aldian
Proiektua elkarlanean garatu dute Ikaztegietako Udalak eta Emagin elkarteak. Hain zuzen, elkarteko profesionalak arduratzen dira saioak prestatzeaz eta dinamizatzeaz, betiere, taldearen helburuei jarraiki eta parte hartzaileen arteko elkarlana sustatuz.
Izan ere, izan dituzte jarduerak solasaldietatik harago. Lehenengo saioa, adibidez, Ikaztegietan zehar egin zuten eta herriko hainbat txoko bisitatu zituzten. Beste txanda batean elkartean bildu, patata tortilla prestatu eta bertan aritu ziren solasean. Horrez gain, tailerrak ere egin izan dituzte eta horietako batera ilustratzaile bat gonbidatu eta ondorioekin mural bat ere osatu zieten.
Azaldu dutenez, hasieran asmoa «gutxi gorabehera hilabetean behin» elkartzea zen, baina agendak bateratzeko zailtasunak izan dituztela eta, handitu egin da saio batetik besterako denbora. Azkenean, sei astean behin egin dituzte saioak, gutxi gorabehera.
Hasteko festa
Ostiralean jarri dute hitzordua orain artekoa herritarrei aurkezteko, eta baita parte hartzeko ateak zabaltzeko ere. Taldean emakumeek bakarrik parte hartu badezakete ere, herritar oro gonbidatu dute herriko plazara 17:30ean gerturatzera eta ekimena ezagutzera.