Eguzki gori, haize idor eta hareazko muino. Mendebaldeko Sahara Espainiar Estatuko 53. probintzia zen Othmane Dedah Badi (Tichla, Mendebaldeko Sahara, 1969) argazkilaria jaio zenean. 1990ean hasi eta dozena bat urte egin zituen Dedahk Mendebaldeko Saharako Gobernuko Informazio Ministerioarentzat lanean; eta, zoria zori, urte kopuru horixe bera darama sahararrak Ikaztegietan. Besteak beste, lanaren nondik norakoak izan ditu hizpide; hassaniaz erantzun ditu galderak esan nahi zuena «behar bezala» adierazteko, eta Fatima Galia idazle eta kazetari aberkideak itzuli ditu esanak gaztelerara.
Nola iritsi zinen argazkilari izatera?
Hasiera batean ez nintzen argazkilari izateko asmoarekin etorri. Beste edozein migratzaile saharar bezala etorri nintzen, edozein lan egiteko prest. Hainbat lanpostutan aritu naiz ordutik eta, azkenean, kamera hartzea erabaki nuen. Nire berezko lana argazkilari teknikoa izatea baitzen, Mendebaldeko Saharako Gobernuko Informazio Ministerioan. Argazkilaritzarako nire pasioak eraman nau lanbidea berriro hartzera.
Hortaz, argazkilari aritu zara saharar errefuxiatuen kanpalekuetan, zein Euskal Herrian.
Hona iritsitakoan konturatu nintzen ezezagutza handia dagoela hemen saharar herriari dagokionez. Hain zuzen, han ere horregatik hasi nintzen argazkilari: saharar herriaren borroka ikusarazten laguntzeko, horretarako baliabidea baita argazkilaritza. Nire herriari ahotsa ematea bezala da. Zabalpenerako arma da argazkilaritza. Nik eginbehar bat bezala sentitzen nuen; eta gaur egun oraindik sentitzen dut betebeharra joaten naizen lekura joaten naizela ere, jendeari nire herriaren borroka ezagutarazteko.
Zenbat denboraz egin zenuen lan Informazio Ministerioan?
Argazkilari izan aurretik marrazketa irakasle izan nintzen. Informazio Ministeriora lekualdatu nintzen 90. hamarkadan, eta 2002ra arte aritu nintzen bertan. Argazkilari tekniko aritu nintzen, eta ikaragarri maite dudan arlo bat da.
Nola irudikatu behar dugu garai hartako zure egunerokoa?
Bertan argazkilari aritu nintzen urteetan argazkilaritza analogikoa zen erabat, ez zegoen ia baliabide digitalik. Argia neurtzeko tresnarik ere ez genuen ia, oso zaila zen argazkietan argia modu egokian neurtzea. Argazkilariak ginen errefuxiatuen kanpaleku batean, horrek dakarren guztiarekin. Logistika eta baliabideak oso urriak ziren, dena eskuz egiten genuen eta modu autodidaktan ikasi genuen. Aurretik aritu ziren beste argazkilari batzuen esperientzien bitartez ere ikasten genuen.
Batetik bestera ibiltzen ginen eta hainbat leku bisitatzen genituen: eskolak, ospitaleak, festak, denetariko gertakizunak... Materialarekin bertara joaten ginen eta, ondoren, ministeriora itzultzen ginen argazkiak errebelatu ahal izateko. Hain zuzen, horiek izango ziren, gerora, argazki museoetara, prentsara eta halako lekuetara iritsiko ziren argazkiak. Ez ahaztu basamortuan daudela: hotzak, haizeak, eguzkiak, hondarrak... Gauza horiek materialak eta argazkiak higatzen eta hondatzen dituzte; eta are gehiago lan egiteko modua analogikoa denean. Garai hartan dena neurtu behar genuen milimetrora.
[Mahai gaineko argazkietatik lauso samarrak diren pare bat hartzen ditu esku artean]
Hauek, adibidez, argazkien probak dira. Lehenengo modeloekin praktikatzen genuen; begiratuz gero ohartzen zara argazkiak ez direla hain garbiak. Bada, lan egin behar genuen argazki garbiak lortzen genituen arte, bai argiari, kontrasteari eta halakoei dagokienez. Maila horretara iristen ginenean pasa gintezkeen argazkilari profesional izatera.
Beste argazkilari batzuentzat gidari lanak ere egiten nituen. Kanpotik etortzen ziren argazkilariei eta kamerariei nik erakusten nien nora joan behar zuten argazkiak atera ahal izateko.
Eta zerori ere aritu zara kamerari, ezta?
Kamerari izateko ikastaro bat ere egin nuen Aljeriako telebistan. Aljeriako Informazio Ministerioarekin hitzarmenak sinatu eta zenbati argazkilarik eta kazetarik ikastaroak egin genitzakeen hobeto moldatu gintezen argazkilaritzaren munduan. Horrez gain beste arlo batzuk ere ukitzen genituen: telebista platoak ezagutu, aurkezle izaten ere ikasten genuen...
Eta aipatutakoaz gain, argazkilari bezala joan behar genuen ia irteera bakoitzean baimen edo akreditazio txartel moduko bat egiten ziguten. Ez zen nahikoa kamerarekin joatea, hori gabe ezin zen argazkirik atera.
Nola erabakitzen zenuten nora joan argazkiak ateratzera?
Taldean egiten genuen lan: argazkilariak, kamerariak... Gure sailean zuzendari batek ere egiten zuen lan eta hark programatzen zituen agendak. Guri garraioa eskaintzen eta bermatzen ziguten, eta batetik bestera mugitzen ginen; askotan baita probintzia batetik bestera ere. Horrez gain, lotan geratu behar bagenuen ere non gera gintezkeen esaten ziguten. Lekuren batera joan eta ahalik eta argazki gehien ateratzen genituen, ondoren, estudiora itzuli eta errebelatzeko. Ez genuen estudio mugikorrik edo antzekorik. Laborategia ministerioan zegoen, beraz, batetik bestera mugitu behar genuen argazkiak ateratzeko eta karreteak errebelatzeko.
Eta nola lortzen zenuten materiala? Karreteak, kamerak...
Hori guztia posible izan zen herri sahararren lagunei eta laguntza proiektuei edo ekimenei esker. Askotan haiek bidaltzen ziguten materiala eta, horrez gain, ministerioak ere zehazten zituen zein lehentasun zituen materiala lortzeari zegokionez. Eta, horretan ere, kontuan hartu behar da edozein kameratan hondarra sar zitekeela... Materiala hondatzea, oro har, oso erraza zen. Oso ohikoa zen hondarragatik edo hautsagatik objektiboak blokeatzea. Batzuetan argazki guztiak atera eta, gero, itzultzean ohartzen ginen negatiboetan ez zela ezer gorde. Kamerak oso ondo zaindu behar genituen horrelako gauzarik gerta ez zedin, eta hala ere beti izaten zen zerbait. Dena dela, baldintza horietan ere urte askotan egin genuen lan.
Nola aukeratzen zenituzten argazkiak?
Argazki guztiak atera ondoren errebelatzera joaten ginen eta, horrela, negatiboak lortzen genituen. Material hori guztia argazki artxibora bideratzen zen, eta artxiboan gertakizun bakoitzak du bere karpeta, gutuna edo dena delakoa. Orokorrean, argazkia aukeratu egiten da gertakizunaren arabera: irudiak bat egin behar zuen helarazi nahi zen mezuarekin, gertakizunean izan zen giroarekin... Gu saiatzen ginen ahalik eta argazki gehien ateratzen; eta, ondoren, artxibatu egiten zituzten urtearen eta gaiaren arabera. Horrela, artxibora jotzen duen edonork berreskuratu ditzake gertatutako zerbaiti buruzko irudiak. Argazki originala eta negatiboa, berriz, artxiboak gordetzen ditu beti.
Argazkigintzan zer atsegin zenuen gehien?
Irudian bilatzen dudana beti edertasuna da. Niretzat argazki bakoitza koadro bat bezalakoa da. Zenbait eszena ikusteko garaian sentitzen nintzen koadro bati begira zegoen artista bat bezala. Nire burua lekuan lekutik harago irudikatzera iristen nintzen ia, kanpotik begira egongo banintz bezala. Baina horrek ez zidan eragozten ikusten nuenak emozioa sentiaraztea, are saiatzen nintzen emozionalki sentiarazten zidana argazkian jasotzen.
«Niretzat zenbait eszena ikustea bitxi landugabe bat begiratzea bezalakoa zen»
Egunsentiak, ilunabarrak... Ikusten nuenaren arabera gauza bat edo beste bat sentitzen nuen. Eta niretzat argazkiak hori guztia helarazi edo gorde behar zuen. Niretzat zenbait eszena ikustea bitxi landugabe bat begiratzea bezalakoa zen.
Eta zer zen zuretzat zailena?
Kontuan hartu behar ziren hainbat gauza. Horietako bat, gure lana boluntarioa zela; egia esan, dena zen boluntarioa. Lanaldi luzeak izaten genituen eta, askotan, ministerioan egiten genuen lo ere; aste osoa bertan pasatzera ere iritsi ginen. Asteburuan gertakizunen bat baldin bazegoen, bertara ere joan behar genuen; eta ez zegoen garraio publikorik. Ministerioan egiten genuen bizitza bai argazkilariok, bai kazetariek... Familia handi bat bezalakoa ginen, talde bat baino gehiago. Haiekin elkarbizitza gehiago egiten nuen ia, nire benetako familiarekin baino. Horrek arazo asko sortzen ditu kontziliazioari dagokionez.
«Irudi asko galdu genituen baldintza zail horietan lan egiteagatik, baliabide eskasengatik»
Eta horrez gain, zaila zen dena, oro har, baliabide faltagatik. Askotan urruneko lekuetara joaten ginen argazkiak ateratzera eta behin itzulitakoan ohartu ginen karreteetan ez zitzaigula ezer gorde. Argazkilariok leku eta une egokian egon behar genuen, eta huts egiten bagenuen ezin zen gertakizuna errepikatzeko eskatu, jakina. Irudi asko galdu genituen baldintza zail horietan lan egiteagatik, baliabide eskasengatik.
Beste askotan hondatu egiten ziren gauzak, kameretatik hasi eta kotxeetaraino; eta basamortu erdian hondatu ere. Urik gabe gelditzen ginen edo erregairik gabe. Piezaren bat puskatzen bazen, askotan, ez genuen izaten ordezkorik. Batzuetan egunak pasatzen genituen lo kotxeetan egiten, janaririk gabe, eta zehazki non geunden jakin gabe ere. Betikoa ez zen errepideren bat hartuz gero hori gertatzeko arriskua handia zen.
Hortaz, lana gorabehera, irudikatzeko argazkirik gabe geratu dira hainbat gertakizun ere.
Behin Oporrak Bakean programaren barruan, ume pila bati txartelerako argazkiak atera behar genizkien. Pentsa, sekulako ilarak sortzen ziren. Guztiak egin behar genituen, eta prest eduki espedienteak eurak abiatu aurretik.
Bada, hain justu, argazkiak koloretan egiten hasi ginen garaia zen. Eta azken unean konturatu ginen argazki guzti-guztiak hondatuta zeudela. Ia ume guztiei deitu genien berriz ere argazkiak atera behar genizkielako. Eta gaitz erdi, kasu horretan errepikatzeko aukera izan genuen eta.
Hondatutako piezentzat ordezkorik ez edukitzearena kamerekin gertatzen zen, baina baita gainerako tresnekin ere: mikrofonoekin, bobinekin... Ministerioak hainbeste urtez aurrera egin badu, jendearen borondateari esker izan da.
Bitxikeriak ere gertatuko zitzaizkizuen.
Bitxikeria asko bizitzea egokitu zaigu, baina bertatik kanpo urte asko daramatzadanez, lankideak-eta elkartzen garenean bakarrik gogoratzen ditut. Zaila da bitxikeriaren bat nabarmentzea, errepidean botata geratu ginela eta halakoak... Talde guztiek antzeko egoerak bizi genituen eta, egia esan, egunerokoaren parte ziren. Bitxikeria izateari uzten zioten, askotan gertatzen zirelako.
Begira, zertxobait kontatzeagatik... Kameren bateriak askotan hondatzen ziren. Bada, behin, tekniko bati eskatu genion konponbideren bat pentsatzeko: lau bat kable soldatu zituen, bateriara konektatu eta zuzenean korronte elektrikora entxufatzeko asmoa zuen. Egin aurretik esan zigun: «Bateria kargatuko da, edo lehertu egingo da [barrez]». Ez zen lehertu, gau guztia utzi genuen horretan eta ordu erdirako edo kargatu zen bateria. Ezer ez baino gehiago zen. Bada, grabatu beharreko guztia ordu erdi horren barruan egiten genuen.
Ez zen, ordea, dena barre eta abentura izango.
Horiek barregarriak dira, baina bazen bestelako gertakaririk ere. Hainbat argazkilari kide hil egin ziren: gerraren frontera joan ziren argazkiak ateratzera eta hil egin ziren. Nik etxean gordeta dut eman zidaten lehen argazki kamera. Oroitzapen oso indartsua da, argazkilarien zuzendari izan zenak eman baitzidan.
Kamera digitalekin lan egitera iritsi al zinen?
Azken urteetan iritsi nintzen kamera digitalekin lan egitera. Kamera digital bat edo bi izango genituen. Hori ere ez zen erraza, teknologia berria oso pixkanaka iristen zitzaigun eta teknologiak aurrera egin ahala ikastaro berriak egin behar genituen horiek erabiltzen ikasteko.
Eta nola eragin zuen teknologiaren garapen horrek zuen lanean?
Egia da digitalekin dena askoz ere errazagoa dela. Ia lan egiteari uztea izan zen, den-dena asko automatizatu zelako. Eskuz eta pixkanaka egiten genuen guztia automatikoa izatera pasatzen zen. Lehen buru-belarri egin behar izaten genuen lan emaitza ona izateko, eta teknologiaren garapenak hori guztia asko erraztu zuen. Zentzu horretan bakarrik, ordea, baldintzak ez baitziren asko aldatu.
Informazio Ministerioan argazkilari izateak uzten al zizun tarterik zure sormena lantzeko? Ba al zenuen aukerarik artista sena garatzeko?
Harreman estua duten bi arlo dira, baina aldi berean oso ezberdinak dira. Nik marrazketa eta argazkilaritza ikusten ditut parez pare. Marrazten denbora asko pasatzen duzu irudia osatu arte. Kamerarekin, berriz, segundo bakarrean botoia zapaldu eta irudia lortzen duzu.
Baten edertasuna datza nik sortutako irudia izatean; eta, bestean, nik harrapatu dudan irudiak du edertasuna. Analogikotik digitalerako jauziaren antzera ikusten dut; eskuz egindako iruditik irudi digitalera. Kamerak ia dena berak bakarrik egiten du; nik, aldiz, nahiago dut marrazkigintza neure burua adierazteko. Nahiz eta lan handiagoa eskatzen duen.
Argazkia denbora oso laburrean ateratzen da. Marrazketan, berriz, zerorek eman behar diozu edertasuna. Denbora gehiago pasatzen duzu, egunak pasa daitezke irudi eder bat lortu arte. Neure burua adieraztea gehiago lotzen dut marraztera, argazkiak ateratzera baino.
Aipatu duzu baldintza kaskarretan egiten zenutela lan. Hori guztia posible izango litzateke egiten duzuena garrantzitsua dela sinetsi gabe?
Konbikziorik gabe ezin da baso bat ur ere edan [barrez].
Kontrara, konbikzio edo borondate sendoa baldin baduzu, mendirik garaiena ere eskalatu dezakezu. Nik —eta saharar herriak— hori lortu badugu, borondateari esker izan da. Nik egin behar nuela sentitzen nuen. Han guztiek dute euren lanpostua eta guztiek dute konbikzioa. Bestela ez litzateke posible izango. Hori izan da nire ekarpena, gizarte horretan nire hondar alea: argazkilaritza.
Zergatik da beharrezkoa han zer gertatzen ari den kontatzea?
Kontatzen ari naizena kontatzea beharrezkoa da, herri baten duintasunagatik. Nire herria bakean eta aske bizitzea nahi dut. Nire gurasoak espainiar kolonialismoaren mendean jaio ziren, eta ni inbasio marokoarraren garaian. Kolonialismora kondenatu duten herria da gurea. Errefuxiatuen kanpaleku inprobisatu bat da, gurea ez den lur batean. Eta, bitartean, gure herriaren lehengai naturalak beste herrialde batzuk espoliatzen dituzte. Sahararren gerra isilarazi egin duten gerra bat da.
Horregatik ikusarazi behar da. Eta bizi naizen artean ikusarazten jarraituko dut, izan argazkien bidez, izan nire testigatzen hitzaldien bidez edo... Horretan jarraituko dut, nire ametsa delako errefuxiatu sahararrak Sahara libre batera itzultzea.
Erabat konektatutako mundu batean bizi omen gara baina, berdin konektatuta al daude leku guztiak?
Harremana ez da mundu honetakoa. Geografikoki gertu gaude; ez dago hainbesteko distantziarik. Baina bi errealitateen arteko lotura bakarra elkartasun mugimendua da. Zoritxarrez, hemen jende asko bizi da, zeinak ez dakien zer gertatzen ari zaigun ere.
