Herriko gazteek dute festa guztiak antolatzeko ardura Ikaztegietan. Leire Urretabizkaia (Ikaztegieta, 1998) eta Maialen Urretabizkaia (Ikaztegieta, 1995) festa batzordeko kideak dira, eta aurten, festak antolatzerako garaian «laguntza berri bat» izan dutela aitortu dute; izan ere, «lan egiteko ilusioa eta gogoa» duten 14 eta 17 urte bitarteko gazteak hasi dira jai batzordean parte hartzen.
Nolako festak antolatu dituzue?
Leire Urretabizkaia: Abuztuaren 8tik 10era ikaztegietarren neurrira egindako festak antolatu ditugu. Festa xumeak dira, baina herriko haur, gazte eta helduek gozatzeko modukoak.
Aurtengo egitarauan bada berritasunik?
Maialen Urretabizkaia: San Lorentzo egunean, igandean, bertsolarien saio nagusia izango dugu estreinakoz. Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran eta Eñaut Martikorena bertsolariek hartuko dute parte saioan. Bestetik, abuztuaren 9an, kuadrilla eguneko larunbat iluntzean, urte luzez jai egitarauan egon ez den sardina jatea egingo da berriz ere.
Urteroko ziten artean zeintzuk dira esanguratsuenak?
Leire: Azken urteetan, Frontoi txikiko pilota txapelketa ohitura polita bilakatu da; izan ere, giro paregabea jartzen baitu herriko heldu eta gazteen artean. Txapelketari hasiera ekainean ematen zaio, eta finala kuadrilla egunean jokatzen da. Horretaz gain, kuadrilla eguneko bazkaria eta arratsaldeko poteoa ere nabarmenduko nituzke.
Maialen: Egitarauan arrakasta izaten ari den beste ekintzetako bat, kuadrilla egunean mus txapelketan parte hartzen ez duten herritarrei zuzenduriko jokoak dira. Herritar ugarik hartzen dute parte jokoetan eta horrela, musean jokatzen ez dutenei alternatiba bat eskaintzen zaie.
Lehen egunean egingo den kontzertu gauak jende asko bildu izan du beste urteetan.
Leire: Bai, ikusmina sortzen duen ekitaldia izaten da. Urtero ahalegintzen gara, gutxienez gau batez, erakargarriak izan daitezkeen kontzertuak gure herrira ekartzen. Aurten, Ezezez eta Lukiek taldeek girotuko dute kontzertu gaua, DJ Uzkuluzekin batera.
Zer mezu helarazi nahiko zeniekete herritarrei?
Maialen: Festak ondo pasatzeko egunak direla azpimarratuko nuke; elkarren arteko errespetua mantentzea eta ekintzetan parte hartzera animatzea gustatuko litzaidake, betiere denon artean herri polit eta atsegina sortzeko ardura eta konpromisoa dugula gogoraraziz.
Festak antolatzen nortzuk aritzen zarete?
Leire: Herriko gazteak. Jai batzorde bat daukagu sortuta, eta nahiz eta talde finko bat ez izan, sei lagun inguru ibiltzen gara festak antolatzen. Urtean zehar antolatzen ditugu festak, eta festetan bertan ere lanean aritzen gara, guztia antolatzen. Jai batzordeko kideez gain, herriko beste zenbait lagunek ere parte hartzen dute lan zehatzetan, eta hori asko eskertzen da.
Maialen: Aurten, gainera, laguntza berri bat izan dugu. 14 eta 17 urte bitarteko gazte talde bat hasi da jai batzordean parte hartzen, eta oso pozgarria da hori, lanerako ilusio eta gogo handiz sartu direlako. Horrek belaunaldi erreleboa bermatzen laguntzen du, eta albiste bikaina da herriarentzat.