Peru Calabaza idazle iruindarra egonaldia egiten ari da Ikaztegietan Udalbiltzaren Geuretik Sortuak programaren barruan. Honela, egonaldi artistiko horretan Calabazak herritik hartu eta herriari eman egingo dio. Lehen fase honetan, idazleari jasotzea dagokio, hortik gaur Ikaztegietan burutu duten gune irekiaren zergatia. Dozenatik gora herritar Ikaztegietan bizitzearen zergatiaz aritu dira, elkarrizketan.
Atzokoan gainera, Umeen Kontseilua izan zuten, Alba Garmendia alkatearekin batera. Bosgarren eta seigarren mailako ikasleek herriaren inguruko ikuspuntuak eta proposamenak partekatu zituzten. Azken batean, «nolako herria nahi duten» zehaztu zuten, Alba Garmendiak azaldu bezala. Udaletxearen kanpoaldean jasota daude umeek egindako proposamenak, marrazki formatuan.
Guztiarekin Peru Calabazak Ikaztegietan oinarritutako literatur lana osatuko du, eta horixe izango da herriak jasoko duena. Gainera, Geuretik Sortuak programaren barruan, beste herri batzuetan sortuko diren hitzaldi, antzezlan, erakusketak Ikaztegietara bertara ekartzeko aukera izango dute ikaztegietarrek.
Txapa paparrean
Erabilera anitzeko aretoan bilduriko herritarrek Euskaraldiarekin bat eginik, soinean zeramaten Euskaraldiaren txapa. Izan ere, egun osoan zehar ospatuko dute Ikaztegietan Euskaraldiaren amaiera festa. Nerabeek 13:00 arte Treba Nerabeak saioa izango dute Zer izan nahiko zenuke etorkizunean? galderari erantzunez eta festa giroan murgilduko dira guztiak, 14:00ak aldera, bertso paellarekin, plazan.