Kiroldegiaz hausnartzeko hitzordua, maiatzaren 14an

Ataria 2025eko maiatzaren 7a

Ikaztegietako kiroldegiaren artxiboko irudia.

Aurretik jasotako ekarpenekin osatutako proposamena aurkeztuko dute. Bilera irekia Ikaztegietako udaletxeko erabilera anitzeko aretoan izango da, 17:30ean.

Kiroldegian egin litezkeen aldaketak lantzeko bilera irekia egingo dute maiatzaren 14an, Ikaztegietako udaletxean. Martxoaren 24an eta 25ean izan zituzten parte-hartze prozesuaren saioak eta herritarrek kiroldegiaren inguruko proposamenak eta beharrak zehaztu zituzten eta Juntura kooperatibakoek jaso zituzten.

Saio horietan jasotakotik tiraka proposamen bat prestatu dute eta herritarrei aurkeztuko diete hilaren 14an. Eta, hain zuzen, hori izango da herritarrek prozesuan parte hartzeko izango duten bigarren —eta azken— aukera: kiroldegian egin litezkeen aldaketen berri emango dute, eta herritarrek iritzia eman ahal izango dute. Ekarpen horiek kontuan hartuz aldaketak egin beharko balituzte egiten duten proposamenean, bigarren saio bat egingo lukete egokitzapenen berri emateko.

Herritarrek iritzia emateko azken aukera, beraz, maiatzaren 14an izango da, 17:30ean, udaletxeko lehen solairuko erabilera anitzeko aretoan. Udaletik parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak: «Aprobetxatu momentua: zatoz proposamena ezagutzera eta, ekarpenik izango bazenu, zure iritzia ematera!».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!