Aparteko eguna izango da larunbata, apirilaren 5a, ikaztegietarrentzat, Euskal Azoka egingo baitute herriko plazan. Bi urtean behin egiten dute merkatu berezia, eta bederatzigarren edizioa izango du aurten.
Ikaztegietako Kultura Batzordeak antolatzen du ekimena, eta Maialen Urretabizkaia kideak aitortu du «erraza» dela egitekoa: «Dagoeneko badira urte batzuk egiten dugula, eta errazago egiten da aurrekotik tiraka. Talde bizi eta dinamikoa bildu dugu, eta elkarlanean ez dugu arazo handirik izan azoka antolatzeko». Goizetik eguerdira bitarte —10:00etatik 14:00ak arte— egongo dira postuak, herriko plazan.
Denetariko aukera
Antolakuntzako kidearen esanetan, «denetariko produktuak» egongo dira eskuragarri larunbatean, besteak beste, janaria, jantziak, egurrezko jostailuak, liburuak eta bitxiak. Guztira, 27 postu izango dira. Eta horien artean izango da ‘Ataria’ ere, hain zuzen, postua jarri eta aukera egongo baita produktuak eskuratzeko zein harpidetza egiteko.
Bi urtean behin
Urretabizkaiaren ustez egokia da azoka bi urtean behin egitea: «Egun oso polita izaten da herriarentzat. Urtero egin beharrean bi urtez behin egiten dugu, eta etortzen denean gustu handiz hartzen dugu». Gainera, postuez harago, herri bazkaria ere antolatu dute larunbaterako eta, horren ondotik, «kantu edo bertso» saioa ere izango dute Kuxkuxtu txarangarekin.
Bestalde, azokak iraun bitartean izango da beste eskaintzarik ere: batetik, haurrentzako kandelak egiteko tailerra antolatu dute. 11:30ean hasiko da, eta Balerdipeko erleak ekoizleek gidatuko dute. Eta, bestetik, Kuxkuxtu txarangak azoka girotuko du 12:00etatik aurrera.
Ekoizleen garrantzia
Azokan egongo diren ekoizle eta artisau gehienak «ingurukoak» direla nabarmendu du Urretabizkaiak: «Oso-oso bertako jendearekin hasi ginen feria egiten, eta pixkanaka sona hartzen joan da inguruan edo».
Hari horri tiraka, urteek aurrera egin ahala «eskaintza zabaldu» dutela azaldu du: «Aukera zabaldu zaigu eta pixka bat denetik biltzea izan da azken urteetako joera, baina, betiere, gertutasunari garrantzia handia emanez. Pare bat postu izango dira pixka bat urrutiagokoak, bestela, ingurukoak dira guztiak».