Ostiral honetan, hilaren 21ean, ‘Ikaztegieta 1936-1945. Errepresioa eta giza eskubideen urraketak Gerra Zibilean eta Frankismoan’ hitzaldia egingo dute Ikaztegietan. Jarduera elkarlanean antolatu dute herriko udalak, Aranzadi Zientzia Elkarteak zein Galtzaundi euskara taldeak; udaletxean izango da, 18:30ean, erabilera anitzeko aretoan.
Ikaztegietan urte tarte horretan zein errepresio kasu eta giza eskubideen urraketa izan ziren ikertzen aritu da Aranzadi 2023an eta 2024an; eta, orain, beste urtebetez luzatuko dute azterketa 1978 arteko garaia lantzeko. Ostiralean, hain zuzen, orain arte landutakoa aurkeztuko dute, besteak beste.
Aranzadiren ikerketa
Maria Laespada Aranzadiko ikerlariak azaldu du ikerketa gauzatzeko baliatu dituztela dokumentazioa, herritarren testigantzak eta bibliografia; eta horrela aztertu dituztela eskubideen urraketak zein bestelako indarkeria zantzuak: «Izan daitezke preso hartutako herritarrak, erregimen juridikorik gabe epaituak, diktaduran emakumeek jasandako indarkeria motak... Eta baita bestelako kasuak ere, adibidez, gerrara behartuta joan zirenak eta halakoak».
Aranzadiko adituaren esanetan, ez dute topatu Ikaztegietan inor fusilatu izanaren aztarnarik: «Zorionekoa eta poztekoa da hori. Baina badaude kasu berezi batzuk, adibidez, errepresio ekonomikoa pairatu zutenak. Testigantzei esker jakin dugu multak modu irregularrean jaso zituzten pertsonak egon zirela».
Hari horri tiraka, ikerlariak aitortu du ez dela erraza testigantzak lortzea, «gero eta urrutiago» dagoelako garai hori eta orduko gertakizunen berri izan lezaketen herritarrak adinean aurrera doazelako. Dena dela, nabarmendu du udaleko ordezkarien eta zenbait herritarren laguntza izan dutela egiteko horretan.
Euskara hizpide
Hizkuntzaren gaia landuko du, berriz, Haritz Azurmendik eta, besteak beste, kontatuko du zein urraketa eta jazarpen gertatu ziren garai hartako euskaldunen testuinguruan.
Horretarako Ikaztegietako apaiz kaputxino bat hartuko du abiapuntu, eta kontatu nola erbesteratu zuten. Horrez gain, herriko testigantzak ere kontatuko ditu garai hartako egoera irudikatzeko; eta, era berean, aztertuko du zigorren joera hori aurretik zetorrela, hau da, «ez zela frankismoan hasi». Aipatutako hizketagaietatik harago, erresistentziarako egon ziren zirrikitu edo saiakera batzuk ere landuko ditu, eta baita erbestean zein sare osatu ziren ere. Bi hizlariek luzatu diote gonbidapena interesa izan lezakeen edonori.