Ostiral Mehea ospatuko dute aurten ere

Ataria 2025eko otsailaren 12a

Ostiral Meheko kalejira, iaz, Ikaztegietan. IMANOL GARCIA LANDA

Pako Belea konpartsak antolatuko du beste urte batez eta denetariko jarduerak izango dituzte, horien artean, txokolate jatea, Alegiako erraldoiak, txaranga eta afari herrikoia.

Ikaztegietan Ostiral Mehea ospatuko dute aurten hirugarrenez, eta Pako Belea konpartsa ari da prestatzen. Egun horretan hainbat jarduera izango dituzte, besteak beste, Alegiako erraldoiak, txokolate jatea, photocall-a, txaranga, lehiaketak eta afari herrikoia.

Otordu horretarako beharrezkoa izango da, aurretik, txartelak erostea eta dagoeneko eskuragarri daude herriko ostatuan. Horiek eskuratzeko azken eguna bihar izango da, otsailaren 14a. Kiroldegian izango da otordua, eta menu ezberdina izango dute haurrek eta helduek.

Ospakizuna 17:00etan hasiko dute, Alegiako eta Ikaztegietako erraldoien eta buruhandien irteerarekin. Eta ordubete geroago, izango dituzte txokolate jatea, photocall-a eta mozorro lehiaketa. Arratsaldeak aurrera egin ahala Jundajo txarangak alaituko ditu herriko kaleak eta 20:00etan borobilduko dute eskaintza zozketarekin, mozorro lehiaketako sarien banaketarekin eta herri afariarekin.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!