Elizaren ondoko parkea berritzeko ideiak bildu nahi dituzte

Ataria 2025eko urtarrilaren 30a

Elizaren alboan bi parke dituzte, eta zaharrena berritu nahi dute. IKAZTEGIETAKO UDALA

Elizaren ondoko parkerik zaharrena kendu eta berritu nahi du Ikaztegietako Udalak; hasi aurretik, ordea, herritarren iritzia jaso nahi du.

Ikaztegietako Udalak elizaren ondoko parkerik zaharrena kendu eta berria jarri nahi du urte honetan zehar, eta, aurretik, herritarren iritzia jaso nahi du. «Nolako parkea egin erabakitzeko, bertan egoten zaretenen iritzia eta proposamenak jaso nahi ditugu, parke berria zuen neurrira egitea gustatuko litzaigukeelako», horrela adierazi dute gonbidapena udaleko ordezkariek.

Hain zuzen, iritziak eta proposamenak adierazteko datorren asteko ostegunean, otsailaren 6an, bilduko dira, 17:00etan, udaletxeko batzar aretoan (lehenengo pisuan). Bertaratzera gonbidatu dituzte parkea erabiltzen duten herritarrak, besteak beste, eskolako irakasleak, gurasoak, aiton-amonak eta zaintzaileak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!