Hondakinekin arduraz jokatzeko deia egin du Ikaztegietako Udalak

Ataria 2025eko urtarrilaren 28a

Besteak beste hildako arrainak, pipen azalak, freskagarrien ontziak eta tabako-paketeak azaldu dira lurrean. Udalak «bizilagunekiko begirunea» eta «gizalegea» eskatu ditu.

Ikaztegietako Udalak salatu du «gutxienez» bi astetatik hona hondakinak azaltzen ari direla herrian: «Onartezina dena ohiko bihurtzen ari zaigu: badira bi aste gutxienez kalean hildako arrainak bota direla, pipa azalak egoten dira nonahi herrian, garbigunera eramateko zaborra kalean utzita, kimatutako adarrak lekuz kanpo botata, freskagarrien ontziak eta tabako paketeak lurrean…». Eta horren, aurrean, «bizilagunekiko begirunea eta gizalegea» eskatu eta nabarmendu du guztien ardura dela herria «txukun mantentzea».

Hari horri tiraka gogorarazi du organikoa eta errefusa atez ateko sistemaren bidez jasotzen direla; eta ontzi arinak, kristala, papera eta kartoia, berriz, bakoitza bere edukiontzian. Zentzu berean, gaineratu du kiroldegiko gazte lokalaren ondoko gunean bota behar direla adarrak eta hostoak; eta mankomunitatera deitu behar dela beti altzariak, etxetresna elektrikoak eta traste handiak botatzeko.

Horrez gain, zehaztu du ez dela mankomunitateko eta udaleko langileen lana obretako hondakinak, gurpilak, hondakin arriskutsuak eta ebakitzaileak jasotzea; kontrara, horiek zuzenean garbigunera eraman behar direla.

Tonu berean, adierazpena esaldi labur batekin amaitu du: «Hartu dezagun sortzen dugun hondakinaren ardura, mesedez».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!