Ikaztegietako Udalak Berdinbidean programaren barruan gauzatu du kulturartekotasuna euskaratik eta feminismotik lantzen hasteko proiektu pilotu bat. Egitasmo horretan helburu izan dute «espazioak eta denbora tarteak» sortzea bertan jaiotako zein atzerriko emakume ikaztegietarrek elkar ezagutzeko, eta, irailetik abendura, hilean behin elkartu dira.
Alba Garmendia Ikaztegietako alkateak azaldu du «behar handia» identifikatu zutela: «Udaletik ikusten genuen Ikaztegietan migrazio tasa handia dela, eta bertan jaiotakoek zein jatorriz kanpokoek elkarren berri askotan ez dugula izaten». Elkartzeko aitzakiak falta zituztela eta, berariaz prestatu dituzte saio horiek eta bertara gonbidatu herriko emakumeen taldea eta jatorriz atzerritarrak diren emakume ikaztegietarrak.
Emagin elkarteak gidatu ditu saio horiek, eta bi ardatz izan dituztela zehaztu du Garmendiak: «Bi komunitateak elkartzea izan da helburua, betiere, euskaratik eta feminismotik. Helburua da talde hau gerturatzea euskarara eta feminismora; erronka eta zailtasun guztiekin». Orain arteko lana begi onez ikusten badu ere, alkateak nabarmendu du «lehen pauso bat» izan dela eta lanketa «luzera begira» mantendu beharko dela.
Zentzu horretan, aurtengo jarduna ixteko saio ireki bat antolatu dute, hain zuzen, Laura Penagos antzezle eta hezitzailea elkarrizketatuko dute. Kolonbian jaiotakoa da Penagos, Euskal Herrira etorri zen eta euskara ikasi du. Galtzaundi euskara taldeko kide batek egingo dio elkarrizketa eta Garmendiaren hitzetan «oso interesgarria» izango da: «Aukera emango du euskararen inguruan dauden auziei beste begirada bat emateko, eta autokritikarako bidea ere zabalduko du. Interesgarria izango da betidanik euskaldun direnentzat zein migrazio prozesu bat bizi dutenentzat».
Euskara eta ama hizkuntzak
Proiektuaren saio guztietako hizkuntza gidaria euskara izan bada ere, itzultzaileak bermatu dituzte parte hartzaileek aukera izan dezaten euren ama hizkuntzan hitz egiteko eta, horrela, «erosotasuna bermatzeko». Hari horri tiraka, parte hartu dutenek aukera izan dute, besteak beste, hassaniaz, woloferaz eta gazteleraz hitz egiteko.
Zentzu berean, ostiraleko hitzorduan ere bermatuko dute itzulpen zerbitzua. Horretarako, ordea, telefono mugikorra eraman beharko da, Telegram aplikazioa instalatuta eta aurikularrekin. Antolatzaileek azaldu dute itzulpena bermatuko dutela hassaniara, wolofera eta gaztelerara.