Angel Vazquez eta Rebeca Marino txapeldun, Ikaztegietan

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko aza. 16a, 20:15

Ikaztegietako XXXIII. Herri Krosa lasterketako 10 kilometroko proba irabazi dute lazkaotarrak eta elizondoarrak. 4,5 kilometroko lasterketan Jon de la Cuesta beasaindarra eta Guratz Azpiroz uitziarra izan dira azkarrenak.

Ikaztegietako Herrigintza Elkarteak antolatuta, Ikaztegietako XXXIII. Herri Krosa ospatu da arratsaldean. Bi lasterketa zeuden aukeran: 10 kilometrokoa eta 4,5 kilometrokoa. Proba motza parte hartzea sustatzeko asmoz jarri zuten iaz, estreinakoz. Harrera ona izan zuen eta aurten mantentzea erabaki dute. Guztira, 102 lasterkari zeuden izena emanda, eta azkenean, 94k parte hartu dute: 52k luzean eta 42k motzean.

10 kilometroko probari dagokionez, gizonezkoetan, Angel Vazquez Iglesias lazkaotarra izan da txapeldun, 33 minutu eta 18 segundoko markarekin. Jon Elkano Erriondo errenteriarra izan da bigarren, 33.43ko denbora eginda. Eta Agustin Ruiz Cuadrado azkoitiarra helmugaratu da hirugarren postuan, Elkanorengandik zazpi segundora (33.50). Bi ikaztegietarrek oso gertu izan dituzte podiumeko postuak. Uxer Mozo Eizmendi laugarren sailkatu da, 34 minutu eta 16 segundoko denbora egin ondoren, eta Eñaut Larrea Lazkano seigarren izan da, 34.53ko denbora eginda.

Emakumezkoetan, Elizondoko Rebeca Marino Torrado izan da txapeldun, 38 minutu eta 34 segundoko denbora eginda. Itziar Ibarbia Urrutia alkizarra helmugaratu da bigarren postuan.  Gertu izan du garaipena, baina azkenean 18 segundo gehiago behar izan ditu: 38.52. Alpino Uzturre taldeko Erika Alvarez Alduncin aresoarra izan da hirugarren; 40 minutu eta 33 segundo behar izan ditu 10 kilometroak osatzeko.

4,5 kilometroko proban, berriz, gizonezkoetan, Jon de la Cuesta Barrutia beasaindarra izan da azkarrena, 15 minutu eta 14 segundoko denbora eginda. Jorge Sainz-Maza Alonso zumaiarra izan da bigarren, 27 segundora (14.41), eta hirugarren, David Cid Menor lazkaotarra izan da, irabazlearengandik 37 segundora (15.51). Julen Garaiburu Zubillaga berastegiarra izan da eskualdeko azkarrena; laugarren postuan helmugaratu da 16 minutu eta 6 segundoko denbora eginda.

Emakumezkoetan, Guratz Azpiroz Beunza uitziarra izan da azkarrena; 18 minutu eta 36 segundoko denbora markatu du. Naiara Domeño Civico tolosarra helmugaratu da bigarren postuan, 19 minutu eta 2 segundoko denbora eginda. Hirugarren, berriz, Argider Txurruka Elgeta elgetarra izan da; 20 minutu eta 19 segundoko marka egin du.

Herrikrosa.eus webgunean kontsultatu daitezke lasterketa luzeko eta proba motzeko sailkapenak.

Aurten bi berrikuntza sartu dituzte parte hartzea sustatzeko. Batetik, lasterketak taldean egiteko aukera izan da; gutxienez hiru korrikalarikoak izan behar zuten taldeek. Lasterketa taldean hasi eta bukatu dutenek, sari berezien zozketan parte hartu dute. Bestetik, lasterketa luzea 45 minutu baino gehiagoan egin dutenak zozketa berezi horretan sartu dira.

Helduen lasterketaren aurretik, haurren krosa egin dute, kutsu lehiakorrik gabea.

Erlazionatuak

Helduen aurretik, haurren txanda

Josu Artutxa Dorronsoro aza 16 Ikaztegieta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!