Parte hartzea sustatzeko sari bereziak Ikaztegietako Herri Krosean

Imanol Garcia Landa 2024ko aza. 12a, 19:57

Iazko Ikaztegietako Herri Krosaren une bat.

Ikaztegietako XXXIII. Herri Krosa antolatu du Herrigintza Elkarteak larunbat honetarako. «Hainbeste urte pasa dira lehendabizikoz antolatu zela, eta oraindik ilusioz eusten diogu. Ea beste urte batzuez egiteko gai garen», esan du Xabat Ibarguren antolakuntza taldeko kideak. 16:30ean hasiko da eta iazko berritasuna izan zen proba motza mantenduko dute. Beraz, ohiko distantziako proba izango da, 10 kilometrokoa, eta motza, 4,5 kilometrokoa.

Biak ordu berean hasiko dira, eta proba luzeko korrikalariek hiru itzuli emango dizkiote ibilbideari eta proba laburrekoek bat eta erdi. «Distantzia motzeko proba bat jartzea parte hartzea sustatzeko asmoz jarri genuen», esan du Ibargurenek. «Egia da 10 kilometro ez dela distantzia luzea, gaur egun kirol mundua dagoen modua ikusita, baina egia da korrika hasi berri denarentzako 10 kilometroko proba bat nahiko erronka suposatzen duela». Iaz harrera ona izan zuela gaineratu du eta aurten mantentzea erabaki dutela.

Horrez gain, aurten ere beste neurri batzuk hartu dituzte parte hartzea sustatzeko. «Urtero aritzen gara gai horri bueltak ematen. Orokorrean kirol proba guztiak gero eta lehiakorrago eta elitistago bihurtzen ari da, eta azken urteetan ateratako korrikalarien profila oso azkarrarena izan da», azaldu du Ibargurenek. «Horrek ekartzen du lasaiago ateratzeko edota kutsu lehiakor hori gabe ateratzeko jendea murriztu egin dela. Eta pena ematen digu, gurea bai delako karrera oso herrikoia, denentzako irekia dagoen zerbait, eta ez dugu nahi beste erritmo batean korrika egiten dutenek parte hartu gabe geratzea». Hori horrela bi berrikuntza sartu dituzte. Alde batetik, bai distantzia luzean zein motzean taldean egiteko aukera emango dute. Hau da, izena ematerakoan talde bezala eman daiteke, eta gutxienez hiru partaidekoa izan behar du. Talde bezala lasterketa hasi eta bukatzen dutenek, zozketa bidez banatuko diren sari bereziak jaso ahal dituzte. Modu berean, lasterketa luzea 45 minutu baino gehiagoan egiten dutenak zozketa berezi horretan sartuko dira. «Modu honetara krosaren izaera herrikoia mantendu nahi dugu», dio Ibargurenek.

Izena Herrikrosa.eus webgunearen bidez eman daiteke. «Eskertuko genuke etorri nahi duenak Internet bidez ematea izena, eta azken unean parte hartzea erabakitzen duenak, egunean bertan 15:30etik aurrera ordu erdiz izango du horretarako aukera herriko kiroldegian».

Haurrentzako krosa ere antolatu dute aurten, eta hori 16:15ean hasiko da. «Ez du kutsu lehiakorra izaten; ez da sailkapenik egingo eta denentzako sariak izango dira», esan du Ibargurenek. «Haurrei ere protagonismoa eman nahi diogu, eta herrikoez gain, beste herrietako haurrek ere parte hartu dezakete».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!