Larunbatean egingo dute garagardo azoka Ikaztegietan

Ataria 2024ko irailaren 26a

Joan den urteko garagardo azokako une bat.

Bigarren edizioa du aurten Ikaztegietako garagardo azokak eta, aurten ere, 'Pako belea' konpartsak antolatu du hainbat laguntzailerekin.

Ikaztegietan bigarrenez egingo dute garagardoaren azoka. Larunbatean ospatuko dute eta eskaintza gastronomikoaz gain, hainbat jarduera ere izango dituzte, besteak beste, bingoa, toka, pitxar lehiaketa eta zerbeza kupel lasterketa.

Azoka 13:00etan zabalduko dute eta 14:00etatik 15:30era izango da bazkaltzeko aukera. Bertaratzen direnentzat menu bat ere prestatu dute antolatzaileek, hain zuzen, 15 euroren truke eskuratu ahal izango dira txerri ukondo erdia, bi saltxitxa, patata purea eta krema edo esne-gain bonba. Horrez gain, errazioak banaka eskatzeko aukera ere izango da.

Janari txartelak aurrez eskuratu ahal izango dira Ikaztegietako ostatuan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!