Ikaztegietako Udalak berriro irekiko du herriko gazteentzako lokala. Covid-19aren pandemiak eragindako testuinguruan itxi zuten lekua eta hala egon da orain arte. Giltza eskuratzeko beharrezkoa da, gutxienez, hamabost urte izatea, izena ematea, 20 euroko fidantza ordaintzea eta zenbait arau errespetatuko direla sinatzea. Udalak bilera egingo du datorren asteko asteartean –hilaren 24an–, «zalantzak eta kezkak» argitzeko, eta bertaratzera gonbidatu ditu erabiltzaileak zein gazteen gurasoak.
Alba Garmendia alkateak azaldu duenez, hainbat helburu lortu nahi dituzte zabaltzearekin: «Gazteei elkartzeko leku bat ematen diegu, eta beharrezkoa da behar hori asetzea. Gainera, negua dator eta unea ere aproposa iruditu zaigu. Horrez gain, belaunaldi ezberdinak elkartzeko ere egokia izan daiteke».
Horrez gain, gazteak «herritar aktibo» izatea nahi dutela ere nabarmendu du Garmendiak, eta erronka zabalago baten barruan dagoela hori: «Herritarrek, oro har, jarrera aktiboa izatea nahi dugu: ez daitezela eskaintzaren bezero bakarrik izan, baita sortzaile ere». Aipatu bezala, jarrera bera sustatu nahi dute gazteengan, eta lokala horretarako «lagungarria» izan daitekeelakoan daude.
Espazioaren kudeaketa
Alkateak esan duenaren arabera, «konfiantzazko eremu bat» sortu nahi dute erabiltzaileen eta udalaren artean eta, horretarako, bizpahiru aldiz elkartuko lirateke udaleko ordezkariak eta gazteak.
Bilera horietan «ikasturteko jarraipena» egingo lukete bi aldeek eta balorazioak egiteko aukera ere izango lukete: «Udalak eta erabiltzaileek, biek, aukera izango dute ekarpenak egiteko. Horrez gain, gatazkarik egongo balitz, horietan konpontzeko aukera ere izango genuke». Dena dela, alkateak aipatu du euren kabuz kudeatu ezin duten egoeraren bat sortuz gero, «hezitzaile edo arloko profesional» batengana joko luketela.
Jardun autonomoa
«Lokala udalarena da, baina gazteei egoki ikusten duten moduan funtzionatzeko gaitasun hori aitortu nahi diegu; heltzeko prozesuan izan behar dute esperientzia hori», horrela hitz egin du alkateak jardunaren inguruan, eta gehitu «aurretik» ere hala funtzionatzen zuela.
Dena dela, erabiltzaileek zenbait baldintza bete behar dituzte lokaleko giltza eskuratzeko: gutxienez, hamabost urte izatea, 20 euroko fidantza bat ordaintzea eta «kontratu moduko bat» sinatzea «bizikidetzako» zenbait arau beteko dituztela konprometitzeko. Hari berari tiraka, lokala zabaltzeak hainbat «zalantza eta kezka» sor ditzakeela jabetzen da alkatea eta horiek «argitzeko» antolatu dute datorren asteko bilera: «Erabiltzaileak zein gurasoak gonbidatu nahi ditugu. Bertan landuko ditugu guztiek izan ditzaketen zalantzak eta aurreikusitako zerbait aterako balitz, udalak landu eta elkarbanatuko luke aurrerago». Udaletxeko batzar aretoan egingo dute bilera, irailaren 24an, 18:30ean.
Lokala erabiltzeko, dagoeneko, eman daiteke izena eta irailaren 30a izango da azken eguna. Garmendiak argitu du «propio» jarri dutela bilera epea bukatu baino astebete lehenago: «Bileran funtzionamenduari buruzko informazioa ere emango dugu, eta behin hori jasota norbait animatuko balitz, aukera izan dezan izena emateko».