Ikaztegietako jaiak 2024

Suziria lehertuta, hasi dira San Lorentzo jaiak

Leyre Carrasco 2024ko abuztuaren 9a

Tipi-tapa ekimeneko kide eta boluntarioek bota dute aurtengo jaien hasierako txupinazoa, eta gaurtik igandera arte festa giroa nagusituko da Ikaztegietan.

Giro ederrean hasi dituzte San Lorentzo jaiak Ikaztegietan. Eguraldia lagun eta jendetza bildu da herriko plazan. Aurtengo jaien hasierako txupinazoa jaurtitzeko ardura hartu dute Tipi-tapa ekimeneko kide eta boluntarioek.

Orain dela sei urte, 2018ko irailean jarri zuen martxan udalak. Hasiera bateko helburua zahartzaro aktibo eta osasuntsua bultzatzea bazen ere, proiektuak askorako eman diela adierazi dute kideek: «Astean behin egiten dugun ibilbidetxo honi esker, herrikide soilik izatetik, elkar zaindu eta astero abentura berriak bizi dituen lagun komunitate handi batean bilakatu gara, eta ez dakizue zein arro eta zein eskertuta gauden».

Horregatik, eskerrak eman nahi izan dizkiete Lauberriko lagunei, herri eskolako umeei, ostatuari eta udalari. Horrez gain, plazara gerturatu diren herritar guztiei gonbidapena luzatu die bolondres taldera elkartzeko, «guztion elkarlana ezinbestekoa baita proiektu honekin jarraitzeko».

Behin suziria lehertuta, umeentzako goxokiak bota dituzte plazan, eta ondoren, frontoi txikiko pilota txapelketa finalari eman diote hasiera. Gaur kuadrilla eguna dute Ikaztegietan, beraz, iluntzera arte izango dute zertaz gozatu. Ikusi hemen egitarau osoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!