San Lorentzo bezpera abiapuntu hartuta, hiru eguneko festak ospatuko dituzte Ikaztegietan. Aurten ere, jai batzordean lan egiten duten herritarrak eta herriko gazteak arduratu dira jaietako egitaraua antolatzeaz.
Lehen egunean, txupinazoa jaurti ostean, frontoi txikiko pilota txapelketako finalak jokatuko dira, eta finalak amaitu bezain pronto, kuadrilla bazkariaren txanda izango da. Arratsaldean, Zutik elektrotxaranga arduratuko da ikaztegietarrak dantzan jartzeaz, eta gauean, zahagiardoa eta Bide Batez taldearen erromeriarekin amaituko dute kuadrillen eguna.
Abuztuaren 10ean, San Lorentzo egunean, herriko Pako Belea konpartsak egingo duen kalejiraren gidaritzapean esnatuko dira ikaztegietarrak ohetik, eta jarraian, txakolin dastaketa egingo da. Arratsaldean, jende asko erakarriko duen ekitaldi bat izango dute, bakarrizketen saioa, zehazki. Ander Malbadi, Mirari Martiarena eta Iker Plazaola izango dira oholtza gainean ikuskizuna eskainiko duten protagonistak. Bigarren egunarekin amaitzeko, patata tortilla lehiaketak eta kontzertu gauak hartuko dute lekukoa.
Azken eguna, umeen eguna izango da. Ginkana tailerrak, bazkaria eta uretako puzgarriez gozatzeko aukera izango dute etxeko txikienek. Jaiei itxiera emateko, herri afaria eta EinGo taldearen erromeria izango dira. Festa batzordeak eskerrak eman nahi izan dizkie gazteek festak antolatzerako garaian izan duten parte hartzeagatik.
Festa egunetarako oharrak
Ikaztegietako Festa Batzordeak eta Talde Feministak arduraz eta errespetuz jokatzeko dei egiten die herritarrei. Udako festetan indarkeria matxista kasu ugari egoten direla ikusita, indarkeria matxistari aurre egiteko protokolo bat jarri du martxan udalak. Datozen asteetan pegatina bana jasoko dute buzoian herritarrek, kanpainarekin bat egin dezaten.