Bide segurtasunaren aldeko zenbait lanketa dituzte mahai gainean

Aitor Arroyo Askarai 2024ko eka. 12a, 07:59

GI-2131 errepidea Ikaztegieta zeharkatzen; artxiboko irudia.

San Lorentzo auzuneko seinaleztatze lanak azarorako amaitzea aurreikusten dute Ikaztegietako Udalean; gaia lantzeko herritarrekin bilduko dira datorren asteartean, 19:00etan, udaletxeko batzar aretoan.

Ikaztegietako San Lorentzo auzunean norabideari eragiten dioten seinaleak jartzeko asmoa azaldu du Ikaztegietako Udalak. Bide segurtasuna «hobetzeko proiektu zabalago» baten barruan egingo dute seinaleztatzea, eta gauzatu aurretik herritarrek onartu beharko dutela nabarmendu du Alba Garmendia alkateak.

Seinaleztatzearekin batera, GI-2131 errepideko zenbait zulo eta koska konpontzeko eskaera biltzen du, besteak beste, proiektuak eta, guztira, 15.448 euroko aurrekontua du. Gipuzkoako Foru Aldundiak, ordea, seinaleztatzeari dagokion zatia bakarrik lagunduko du diruz, zehazki, 6.119 eurorekin. Hari berari tiraka, Garmendia alkateak azaldu du herria zeharkatzen duen errepidea aldundiarena dela eta ez «udalarena». Hori horrela, udalak ez omen du eskumenik errepidean aldaketak egiteko aldundiaren «baimenik eta bermerik gabe».

Lanen eragina
Jarriko dituzten seinaleekin zenbait bidetan norabidea mugatuko dute, zeina aurretik ez dagoen zehaztuta. Zentzu horretan, seinaleztatzeak «hainbat eragozpen eta aldaketa» eragingo dituelakoan dago Garmendia, eta «pazientzia eta ulertzeko saiakera» eskatu dizkie herritarrei, aldaketak «segurtasunaren mesedetan» izango direla-eta.

Dena dela, seinaleztatzea ez omen dute gauzatuko «herritarren oniritzirik gabe». Eta, hain zuzen, bizilagunekin gaia lantzeko bilera irekia egingo dute datorren asteartean, 19:00etan, udaletxeko batzar aretoan.

Bilera horretan, aipatutako gaiez gain, landuko dute segurtasuna hobetzeko «proposamen zabalago bat» ere: Ikaztegietako bi biribilguneen arteko zatia oinezkoentzat egokitzea eta zebra bideak goratzea. Alkateak aipatu duenez, neurri horiekin trafikoaren abiadura geldotzea eta oinezkoen segurtasuna «areagotzea» lortu nahi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!