Ikaztegietan parke berria egin dute «material jasangarriekin»

Ataria 2024ko ekainaren 12a

Kimubat enpresak egin ditu berritze lanak; guztira, 15.331 euroko kostua izan dute, eta %57 finantzatu dute diru laguntza bidez.

Ikaztegietako haur eskolaren aurrealdeko eremua berritu eta 0-3 urte bitarteko haurrentzako parke bat jarri dute. Kimubat enpresak egin ditu berritze lanak eta, guztira, 15.331 euroko kostua izan dute. Ikaztegietako Udalak 8.739 euroko diru laguntza jaso du lanak gauzatzeko Eusko Jaurlaritzako Erein programaren barruan.

Jolaslekuaren ezaugarriak
Parke berria «material berriztagarriekin eta jasangarriekin» eraiki dute eta Alba Garmendiak azaldu duenez «propio» hartutako erabakia izan da: «Ingurua ahal bezain gutxien ukitu nahi genuen; beste parkeak ere horrelakoak dira eta estilo bera mantendu nahi izan dugu». Alkatearen hitzetan «harrera oso ona» izan du jolastoki berriak herrian.

Haur eskolaren eskariz erabaki omen zuten parke berria eraikitzea. Horrez gain, herrian beste jolasleku batzuk baldin badaude ere, Garmendiak kontatu du 0-3 adin tarterako ez zutela jolasleku egokirik, eta behar horri ere erantzuten diola. Bestalde, alkateak nabarmendu du joko sinbolikorako hainbat elementu falta zaizkiela parkea erabat berritzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!