Aldundiak Ikaztegietako San Lorentzo auzoko bide-segurtasuna hobetzeko lanak lagunduko ditu diruz

Ataria 2024ko mai. 24a, 14:14

Bide Azpiegituretako diputatu Maria Ubarretxena Ikaztegieta izan da gaur, errepideei lotuta, udalerriaren beharrizanak gertutik ezagutzeko eta datozen hilabeteetan egingo diren inbertsioen berri emateko.

Hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak udalerri txikietako errepideak hobetzeko diru laguntzak onartu berri ditu eta, Ikaztegietari dagokionez, San Lorentzo auzoko GI-2131 errepideko trafikoa antolatu eta segurtasuna handitzeko hobekuntza lanak finantzatzen lagunduko du. Aurreikuspena da lan horiek udazkenerako prest izatea.  

Zehazki, seinalizazioa eta segurtasuna hobetzeko lanak lagunduko dituzte diruz 6.119,58 eurorekin. San Lorentzon  GI-2131 errepidearen paraleloan dagoen kalea hiru puntutan lotzen da GI-2131 errepidera, eta gaur egun sarrera-irteera ez daude egoki. Lanekin Ikaztegietako zeharbideko bide segurtasuna hobetuko dela esan du foru aldundiak. Aldundiak lanen  % 85 finantzatuko du (aurrekontu osoa 7.199,80 eurokoa da).  

Bultzada herri txikietako azpiegiturei
Bide Azpiegituretako departamenduak legealdi honetarako helburuen artean, udalerri txikietako azpiegiturei bultzada emateko finantzazioa areagotuko duela esan du, inbertsio orokorrean egingo den gehikuntzarekin batera. 2024 urtean 615.000 euroko inbertsio orokorra egingo da eta honek «herri zein toki entitate txikiei baliabide gehiago eskaintzeko ahaleginari erantzuten dio», diputatuak azaldu duenez. «Herri txikien eta landa eremuaren bizimodurako eta garapen sozial eta ekonomikorako funtsezkoak baitira azpiegitura hauek».

Halaber, Ubarretxenak gehitu du Gipuzkoa dela estatu mailan bide errepideen artapen eta hobekuntza lanetan proportzionalki inbertsio handiena egiten duen lurraldea eta herri txikiei dagokienez ere, «behar duten arreta» eskainiko zaiela legealdi guztian zehar. Hala, «ahalik eta babes handiena ahalik eta herri gehienei» ematen jarraitzeko konpromisoa berretsi du Ubarretxenak.  

Kopuru orokor horren barruan, 200.000 euro bideratzen dira udalen eskumenekoak diren errepide eta azpiegiturak hobetzen laguntzeko. Aurtengo deialdiari esker, 10 proiektu lagunduko dira 8 udalerri txikitan, Ikaztegietakoa barne.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!