Ikaztegietan apirilaren 19an hasiko da ‘Ziklikoki bizi’ ikastaroa

Aitor Arroyo Askarai 2024ko api. 10a, 11:59
Uxue Larrea Ikaztegietako Emakume Taldeko kidea.

Tailerra doakoa da eta, dagoeneko, zabalik dago izena emateko epea; euskaraz izango dira saioak eta itzulpena behar izanez gero aurretik jakinarazteko eskatu dute antolatzaileek.

Hilekoaren inguruko «tabuak» puskatzea, haren inguruko ezagutza zabaltzea eta emakume belaunaldi ezberdinak elkartzea ditu helburu, besteak beste, Ziklikoki bizi ikastaroak. Guztira, lau saio egingo dituzte eta lehena datorren asteko ostiralean, apirilaren 19an, izango da. Ekimena elkarlanean antolatu dute Ikaztegietako Udalak eta Ikaztegietako Emakume Taldeak. Ikastaroa doakoa da eta zabalik dago izena emateko epea.

Jaione Gisasola hezitzaile menstrualak gidatuko ditu saioak, eta Uxue Larrea emakume taldeko kideak azaldu du arrazoia: «Bakoitzak bere esperientziak partekatzeko tartea izango du, baina gaiaren inguruko ezagutza ere bultzatu nahi dugu; eta horretarako beharrezkoa da aditu bat izatea». Izan ere, Larreak aipatu du hilekoaren zein menopausiaren inguruan «datu faltsu asko» daudela eta horiek baldintzatzen dutela jendeak nola ikusten dituen gai horiek.

Hari berari tiraka, emakume taldeko kideak nabarmendu du ikastaroko saioetan parte hartu daitekeela norberaren esperientzia elkarbanatu gabe ere: «Espazio hau oso aproposa izan daiteke esperientziak partekatzeko, baina besteena entzunez ere asko ikasten da».

Saioen hurrenkera
Abiapuntu euren «ezagutza eta ezaugarriak» izango badituzte ere, lehen eta laugarren saioak «pixka bat teorikoagoak» izango direla aipatu du antolatzaileak; kontrara, «praktikoagoak» izango dira bigarrena eta hirugarrena. Dena dela, Larrearen hitzetan hainbat ezaugarri errepikatuko dira saioz saio: «Eduki horietara iristea da helburua, baina betiere metodologia aktibo bidez, elkarrengandik ikasiz eta esperientziak partekatuz».

Hainbat gai landuko dituzte saioz saio. Lehenengoan, apirilaren 19an, zikloaren lau fase ezberdin ezagutuko dituzte eta baita «gorputz atal garrantzitsuen» inguruko ezaugarriak eta funtzionamendua ere.

«Oso aproposa izan daiteke esperientziak partekatzeko, baina besteena entzunez ere asko ikasten da» Uxue Larrea, Ikaztegietako Emakume Taldeko kidea

Bigarren saioa maiatzaren 3an izango da, eta bertan jorratuko dute norberak zikloaren faseak eta ezaugarriak identifikatzen ikastea, eta «teknika ezberdinak» ezagutzea eta lantzea «aurre egiteko» aurre-hilekoan zein hilekoan ager daitezkeen sintomei. Maiatzaren 10ean egingo dute ikastaroko hirugarren saioa. Hitzordu horretan hilekoan erabiltzen diren produktuei buruz arituko dira, hain zuzen, nola berrerabil daitezkeen ikasiko dute eta horien inguruko «mitoak puskatzea» izango dute helburu.

Azken saioa, berriz, maiatzaren 24an izango da eta helburu izango du «elikadura ziklikoaren» oinarriak lantzea eta jasotzea. Bertan Gisasolak hainbat errezeta partekatuko ditu eta «liburuak, dokumentalak eta bestelakoak» ere gomendatuko ditu «gaian sakondu» nahi dutenentzat.

Belaunaldien topaleku
Saioen helburuetako beste bat da herriko «emakume belaunaldi ezberdinak» elkartzea. Hain zuzen, «hutsune bat» baitago Larrearen ustez: «Azken urteetan galdu egin ditugu belaunaldi ezberdinek elkarrengandik ikasteko espazioak. Galdu edo beharbada ez ditugu eraiki oraindik».

Belaunaldi ezberdinek kezka ezberdinak izaten dituzte, eta hori nabaritu dute ikastaroko gaia aukeratzerakoan: «Hilekoaren inguruko formakuntza nahia orokorra da; baina menopausiari buruzko informazioa ere jaso nahi dute taldeko hainbat emakumek». Hori horrela, hurrengo urtera begira beste ikastaro bat antolatzea aurreikusten dutela aipatu dute. Ez da, gainera, datorren ikasturterako asmo bakarra: herriko ikastetxean ere beste tailer bat egiteko asmoa dute Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleekin.

Hasiera batean herrikoei bideratuta antolatu dute aurtengo ekimena, baina nabarmendu dute gonbidatuta daudela «Ikaztegietatik kanpokoak» ere. Zentzu horretan, gogora ekarri du izena emateko Ikaztegietako Udaleko 943 65 33 29 telefono zenbakira deitu behar dela; eta, bestela, 688 635 775 mugikorrera. Euskaraz izango da ikastaroa eta, norbaitek itzulpen zerbitzua beharko balu, aurretik jakinarazteko eskatu dute antolatzaileek.

Aurten emakumeentzat bakarrik antolatu dute, baina Larreak nabarmendu du « beharbada, hurrengo pausua» izan litekeela gizonezkoei parte hartzeko aukera ematea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!