Zabalik da epea Ikaztegietako ludotekan izena emateko

Ataria 2024ko apirilaren 2a

Ludotekan parte hartu nahi duten haurrek gaurtik maiatzaren 24ra bitarte eman dezakete izena. Begirale moduan lan egin nahi dutenek curriculuma bidali beharko dute gaurtik apirilaren 15era.

Zabalik da epea izena emateko Ikaztegietako Udaleko ludotekan. Ekainaren 24an hasi eta uztailaren 30era arte iraungo du, eta ordutegia 9:00etatik 13:00era izango da. 2012 eta 2022 urteen artean jaiotako haurrei bideratuta antolatu dute jarduna.

Parte hartu nahi duten haurrek gaurtik maiatzaren 24ra bitarte izango dute izena emateko. Izen-ematea udaletxean egin beharko da, eta bertan egin beharko da ordainketa ere. Ludotekak 60 euroko kostua izango du, eta gutxieneko soldataren azpiko diru-sarrerak dituztenek 30 euro ordaindu beharko dituzte. Ordainketa txartel bidez egin ahal izango da, eta baita transferentzia bidez ere –kontzeptuan «Ludoteka» eta haurren izen-abizenak jarrita– hurrengo kontuan ES21 2095 5020 061061185780.

Begiraleentzat ere deialdia
Dagoeneko eman dezakete izena begirale moduan lan egin nahi dutenek ere. Curriculuma bidali beharko dute udala@ikaztegieta.eus helbidera, eta apirilaren 15a izango da horretarako azken eguna. Ludotekan begirale izateko zenbait baldintza bete beharko dira, besteak beste, euskara jakitea, hemezortzi urte izatea –edo aurten betetzea–, haur heziketarekin lotura duten ikasketak izatea edo aisialdian hezitzailea edo denbora libreko begirale titulua izatea. Horrez gain, balioa emango diete beste hainbat ezaugarriri ere, horien artean, herria ezagutzea eta behar berezietako haurrekin lan egiteko ezagutza edo formakuntza izatea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!