Bi pertsona atxilotu dituzte Ikaztegietan etxebizitza batean lapurtzea egotzita

Ataria 2024ko martxoaren 25a

Ertzainek bi gizon atxilotu zituzten, atzo, Ikaztegietako etxebizitza batean lapurtzea egotzita, ate eta leiho bat bortxatzeagatik. Lekukoek eman zuten lapurretaren berri, eta handik gutxira patruila batek bi susmagarriak atxilotu zituen.

Gertakaria atzo arratsaldeko bostak aldean gertatu zen. Ertzaintzaren arabera, Ikaztegietan hainbat lekukok ohartarazi zuten bi pertsonak «jarrera susmagarria» zutela. Antza, batek ingurua zaintzen zuen, beste batek etxe bateko atea manipulatzen zuen bitartean.

Ertzainek, lekukoekin hitz egin ondoren, etxebizitza ikuskatu zuten; baina ustezko lapurrak ez zeuden barruan, eta susmagarrien bila hasi ziren. Handik gutxira, patruilak bi pertsona atxilotu zituen inguruan, zeinak «bat zetozen» lekukoek emandako deskribapenarekin.

Atxilotuek 23 eta 26 urte dituzte, eta ertzain-etxean «beharrezko eginbideak» amaitu ondoren aske utzi zituzten, agintaritza judizialak eskatzen dienean agertzeko betebeharrarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!