Herritarren omenaldia jaso dute

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 2a, 14:24

Ketxus Garmendia eta Joxe Mari Garmendia Ikaztegietako herri langileei egin diete omenaldia.

Ekitaldi hunkigarria izan dute gaur, Ikaztegietan. Duela urte batzuk erretiroa hartutako Ketxus Garmendia eta erretiroa laster hartuko duten Joxe Mari Garmendia herri langileak omendu nahi izan dituzte. Izan ere, ez dira gutxi Ikaztegietako udaletxean lanean aritutako urteak. Zehazki 43 urte eman dituzte bertan lanean eta urte horietan zehar «11 alkate, 91 zinegotzi, 7 idazkari, 5 administrari, 4 arkitekto... pasa dira bertatik», gogoratu du Alba Garmendia alkateak. Ketxus Garmendia 1981. urtean hasi zen udaletxean eta Joxe Mari Garmendia berriz, 1990. urtean.

 

Ekitaldia hasteko bi omenduek suziri bana bota dute eta ondoren hartu du hitza egungo alkateak. Baina ez da izan hitz egin duen eta omenduentzako hitz goxoak izan dituen bakarra, lau alkate ohi igo baitira oholtzara. Jose Ramon Larrea izan da lehena, hain zuzen, 1979 eta 1983 urteen artean alkate izandakoa, eta ondoren 1999 eta 2007 urteen artean aritutako Patxi Ulangak izan ditu esker hitzak. Alba Garmendiaren aurreko bi alkateak igo dira oholtzara gero, hau da, Bakarne Otegi eta Eneritz Maiz.

 

Gaurko ekitaldian hainbat ezusteko izan dituzte bi omenduek eta horietako bat herritarrek prestatutako ikus-entzunezko bat izan da. Elizan izan dute ikusteko aukera eta ondoren, bazkaria egin dute, eguna borobiltzeko.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!