Pilota gazteei gerturatze asmoz

Naiara Roldan de Aranguiz 2024ko ots. 24a, 15:55
Enara Macicior kromoaren aurkezpena Ikaztegietan. N.R.A.

Kirola eta kultura uztartzeko saiakera da Pilota Fandom proiektua. Pilotakadaz pilotakada hedatuko da, baina momentuz beroketa fasean dago. Ikaztegietan lehen entrenamendu saioa izan dute: Enara Macicior pilotariaren kromo digitala aurkeztu dute.

Ikaztegietako Galtzalde kiroldegi barruan, Enara Macicior pilotaria partidan lehiatzeko prest. Eta kiroldegi kanpoan, Asmoz fundazioko Maria Irulegi Pilota Fandom proiektua azaltzeko pronto.

Eusko Ikaskuntzaren Asmoz fundazioak Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioarekin elkarlanean gauzatu du Pilota Fandom proiektua. Honela, «artea eta teknologia berriak uztartu dituzte, pilota ikusle gazteekin konektatzeko».

Asmoz fundazioko Maria Irulegik aurkeztu ditu kromoak. N.R.A.

 

Kromo digitalak sortzeko ardura Ane Zufiaurre Seijo artista gipuzkoarrak izan du. Maria Irulegik bildumaren berri eman du: «Denera 18 kromoko bilduma bat da, eta hiru ardatzetan banatzen da: batetik, pilotarien kromoak daude; bestetik, pilotarien gustuko frontoiak daude; eta azkenik, ardatz abstraktuena legoke, pilotaren baloreak irudikatuz».

Enara Macicior pilotaria Ikaztegietako Galtzalde kiroldegian. N.R.A.

Enara Macicior pilotariarekin batera, kromoetako protagonistak izango dira Oier Alkorta, Naroa Agirre, Mikel Mancisidor, Eneritz Lizardi eta Beñat Garmendia.

Kromo digitalak

Kromoak digitalki jarriko dira eskura, NFT gisa erosi ahal izateko, eta laster proiektu beraren webgunea martxan izango da –martxotik aurrera–. Kromoak argitaratu bezain pronto eskuratzeko aukera izateko itxarote zerrenda batean izena eman beharra dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!