Bigarren eskuko txokoa zabaldu dute Ikaztegietan

Ataria 2024ko ots. 1a, 11:57

Herritarrek erabiltzen ez duten materiala utzi eta behar duten materiala hartzeko aukera izango dute astearte eta ostegunetan, 16:30etatik 18:30etara, liburutegiko solairuan.

Duela urte batzuk, Ikaztegietan, bigarren eskuko azoka egiteko saiakera izan zutela kontatu du Maria Apalategi antolatzaileak, «jende gutxi animatu zenez, ez zen aurrera atera». Orain, bigarren aldiz heldu diote ekimenari eta gaur zabalduko dute bigarren eskuko txokoa. Apalategik azaldu bezala, «proiektu honen inguruko elkarrizketa bat entzun nuen eta berriro martxan jartzeko gogoa piztu zitzaidan. Beraz, hau egitera animatuta geunden herritarrekin harremanetan jarri nintzen».

Astearteetan eta ostegunetan, 16:30etatik 18:30etara izango da zabalik elkartruke txokoa. Honen asmoa egungo kontsumismoaren aurka egitea dela dio Apalategik, «egoera onean dagoen materialari bigarren bizi bat emateko aukera eskainiz». Honela, gaurtik aurrera ikaztegietarrek erabiltzen ez duten edo behar ez duten materiala uzteko eta behar duten herritarrek hori hartzeko aukera izango dute. «Herrian edukiontzi bat badugu erabiltzen ez dugun materiala botatzeko, baina behar dutenek ez dute materiala hori hartzeko aukerarik, eta txoko honek aukera hori eskaintzen du», gehitu du antolatzaileak.

Udal eraikineko bigarren solairuan dago kokatuta, liburutegiko atarian. Hilean behin bilduko dira antolatzaileak, «txukuntasuna mantentzeko asmoz, baina momentuko erregistro lanak liburutegiko arduradunak egingo ditu». Honela, materiala ekartzen duten herritarrek liburutegiko arduradunari jakinarazi beharko diote, hori erregistratu zezan, baita materialen bat hartu nahi duten herritarrek ere, erregistrotik kendu zezan. Material bakoitzak sei hilabeteko epea izango du. Beraz, inork hartu ez duen material horrek epea gainditzen badu, Ikaztegietako edukiontzira eramango dutela jakinarazi du antolatzaileak.

Materialari dagokionez, egoera onean dagoen edozein motako materiala ekartzeko aukera izango dute herritarrek, izan arropa, liburu edota jostailuak. «Kortxo bat ere jarri dugu, iragarki taula moduan, altzariak bezalako material handiak edo baratzeko produktu eta landareak bezalako material galkorren argazkiak jartzeko aukerarekin», gehitu du.

Elkartrukea sustatuz

Bigarren eskuko mundua sustatzea dute helburua, «askotan lotsa ematen baitigu bigarren eskuko postu bat jartzea jendeak zer pentsa dezakeenaren aurrean, eta ikuspegi karitatetsua ere aldatu nahiko genuke». Hortaz, ekimenarekin bat egiteko deia egin die herritarrei: «Azkenean, denak irabazten ateratzen garela uste dut, etxean dugun eta behar ez dugun hori kenduz, eta aldi berean, ez dugun eta behar dugun hori jasoz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!