Bigarren eskuko txokoa zabalduko dute Ikaztegietan

Ataria 2024ko urtarrilaren 25a

Datorren asteko ostegunean zabalduko dute gunea, 16:45ean; hortik aurrera astearteetan eta ostegunetan egongo da irekita, 16:30etatik 18:30era.

Ikaztegietako Udalak proiektu berri bat jarriko du martxan otsailaren lehen egunean: bigarren eskuko txokoa. Liburutegiaren kanpoan egongo da kokatuta, eta liburutegiaren ordutegi bera izango du, hau da, astearteetan eta ostegunetan egongo da irekita, 16:30etatik 18:30era. Inaugurazioan, berriz, datorren asteko ostegunean, 16:45ean zabalduko dute txokoa.

Doakoa izango da toki horretan zerbait uztea, eta baita bertatik zerbait hartzea ere. Dena dela, objektuen joan-etorria erregistratu egingo dute; udalak argitaratu duenez, erabileraren nahiz jardunaren inguruko informazio osagarria eskuragarri egongo da lekuan bertan.

Berrerabilpena helburu
Ikaztegietako Udalaren iritziz, «urteak» dira gizartea «kontsumismo betean» sartu dela, eta agerikoak omen dira horren ondorioak: «Ekosistemak galtzea, Lurraren berotzea, zaborrezko mendiak...». Hain zuzen, egoera horri aurre «txikitik egiteko» moduak badirela uste dute, eta horretara omen dator ekimena.

Zentzu horretan, objektuak berrerabiltzea sustatu nahi dute proiektu honen bitartez: «Erabiltzen ez dugun horrek bigarren bizitza bat izan dezake, eta herrian bertan bada, oraindik eta hobeto!». Azkenik, bigarren eskuko txokoan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete herritarrei: «Animatu eta gerturatu datorren ostegunean zure etxeko panpina, katilu edo lanpara ahaztu horrekin!».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!